Bertan, EH Bilduko parlamentariek lore eskaintza egin diete senideei, 16 lore entregatuz. Urtzi Errazkin Etxerat elkarteko bozeramaileak azaldu bezala, elkartu dira babes ofiziala duen ekitaldi baten hutsuneak salatzeko, hau da, “16 bizitzen hutsunea”, zehaztu du.
“Memoriaren Eguna deritzon honetan, zergatik memoria batzuentzat eta amnesia besteentzat galdegin behar dugu. Ekitaldi horrek, oraingoz, ez du inolako ekarpenik egiten bizikidetzarako bidean”, gaineratu du Errazkinek. Horrekin batera, 16 izen horiek ohoratu eta memoriarako urratsak emate aldera, izen bereko txostena elaboratu dutela azaldu du. “16 bizitza horiek dagokien testuinguruan jartzen dituen lana da, dispertsioaren biktima bezala, eta horrela kontsideratzeko beharrezko diren argudioak azaltzen dituena. Hiru hizkuntzetan dagoen lana gure webgunean dago eskuragarri eta biktimen herrietako udaletara bidali da”.