Garoña desegiteko prozesua jarraituko duen erakundeen arteko batzordea osatzeko eskatu du EH Bilduk

hirinet 2015ko aza. 6a, 01:00

Gaur goizean EH Bilduk ordezkaritza duen instituzioetako kideek Garoña desegiteko prozesua jarraituko duen erakundeen arteko batzordea osatzeko eskatu du Arabako Foru Aldundiaren plazan eskaini duen prentsaurrekoan.

 

Iker Urbina Espainiar Kongresuko EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Garoña, Alderdi Popularraren eskutik, arabar guztion segurtasunaren aurkako mehatxua da eta guztion osasuna kolokan jartzen du”. Hau horrela izanda ere, Espainiako gobernuak espainiar estatuko zentralik zaharrena berriz abiatzeko neurriak abiatu dituela salatu du.

 

Urbinak Alfonso Alonso gezurretan ari dela adierazi du, “ongi baino hobeto dakielako gezurra dela Garoña ireki ala ez erabaki tekniko bat denik. Garoña erabaki politiko batek ireki nahi du, erabaki politiko batek itxi dezakeen bezala”. Baina erabaki honek euskal gizartearen erantzun irmoa behar du izan aurrean.

 

Horrela, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari Erakundeen arteko Batzorde bat sor dezaten eskatu die EH Bilduk. “Data, eguna eta ordua jarri behar zaio mahai gainean dugun mehatxuak horrela eskatzen duelako. Horregatik, Garoñako Zentral Nuklearra desegiteko prozesua jarraituko duen batzordea gabonen aurretik behar da martxan egon”, zehaztu du Urbinak. “Hitzetatik ekintzara” pasatzeko garaia dela esan die Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari. Garoña desegiteko prozesuaren jarraipenean guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten proposatu du EH Bilduk erakundeen arteko batzorde hau.

 

 Erkidegoko erakundeez gain,  Lurralde Historikoko Toki Erakundeek ere parte hartzeko aukera izan behar dutela gaineratu du, hau da, inplikaturik dauden Kontzeju, Udal eta Kuadrillek. Gainera, Batzordearen osaketa mistoa behar duela izan azpimarratu du ere, “gizarte eta ingurumen talde zein sindikatu eta ekonomiaren eragileekin.  Batzordeak, noski, nazioarte mailan segurtasun nuklearrarekin lotura duten entitateekiko lankidetza ofizialerako bideak ireki beharko ditu baita antzeko esperientziak garatu dituzten beste entitate batzuekin ere”.

 

 

Gai honi lotutako albiste gehiago:

Garoñako hondakin erradioaktiboen behin behineko biltegia egiteko baimena eman du Espainiako Gobernuak

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago