Baditugu bertsotan egiteko plaza ederrak ere, gero eta bertsozale eta euskaltzale gehiagoren bilgune direnak. Bertsoa lotzen ditu bi eremuak, baina batzuetan ez da nahikoa: laguntza apur bat behar izaten du bide horrek. Asmo horrekin sortu da Gazteak Plazara egitasmoa: bertsotan egiteko gogoa duten bertso-eskoletako gazteentzako "igogailu" funtzioa bete nahi du. Plazetako oholtzetara gustura igotzeko eskailera-maila izateko asmoa dauka.Hiru saio berezitan gauzatuko da, funtsean, Gazteak Plazara. Legutioko gaztelekuan egin zen lehenengoa, urriaren 23an. Eta azaroan etorriko dira beste bi saio ere, Zalduondon eta Aramaion. Ondoren, bertsozaleen, antolatzaileen eta bertsolarien beraien esku egongo da plazaz plaza ikustea.
Agurainetik, Euskal Herri osora
Beste alde batetik, bertso eskolak ohikoa duten babesetik, lau hormen artetik, aterako dira azaroaren 14an, Agurainen. Eta ez dira bat edo bi soilik izango: Euskal Herriko bertso eskolen eguna egingo da bertan. Egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera egongo da, festa-giroan; Jo ta Fa txarangarekin bertso-poteoa hasiko da, eta kantuan ariko dira hainbat bertso-eskolatako ordezkariak. 14:30ean herri bazkaria egingo dute. Bertan Bertsotruk proiektua, bertso-eskolen arteko harremanak estutzeko asmoa duena, ere aurkeztuko dute.
Bazkalostean ere jarraituko du jaiak, Bertsotruk egitasmoaren aurkezpena eta gero, Sudurgorriak taldearekin tabernaz taberna ibiliko baitira bertsozaleak. Lautadako bertso-eskolak, gainera, lo egiteko aukera eskainiko du. Lo egiteko zein bazkarirako txartelak lortzeko eta bertso jaialdiaren inguruko beste argibide guztien berri jaso du www.bertsosarrerak.eus webguneak.
Egilea: Arabako Bertsozale Elkartea. Arabako ALEA