Hirigintza proiektuetarako, esaterako, 2,5 milioi euro gutxiago izango ditu hiriak (8 milioitik 5,5era); enplegua sustatzeko, 16,6 milioitik 6,9ra jaitsiko da aurrekontua, Europako Urban programa bukatuko delako, beste arrazoi batzuen artean; horiez gain, murrizketak egongo dira beste zenbait sailetan, tartean Ingurugiroa, Parte-hartzea, Segurtasuna, Eraikinen mantentze lanak, Funtzio publikoa, Informazioaren teknologiak eta Gardentasuna.
Aldiz, pertsonal gastuetarako zazpi milioi euro gehiago bideratuko dituzte, udal-langileei soldata %1 igo eta 2012tik zor zaien gabonetako paga ordaintzeko. Alkatetzaren aurrekontua ere handituko dute (5,8 milioitik 7,4ra), besteak beste Elkarbizitza eta Aniztasun zerbitzua abiatzeko.
Zenbakitan, 342 milioi euroko diru-poltsa izango du Gasteizek datorren urtean; alegia, iaz baino zortzi milioi gutxiago (%2ko jaitsiera). Kopuru horretatik, 15 milioi aurtengo aurrekontu-gabeziari aurre egiteko bideratuko dituzte. Hartara, "partida asko doitu" behar izan dituzte, Gorka Urtaran alkateak berak aitortu duenez.
Antzokia eta Eratzen gunea
Murrizketak egingo dituzten arren, alkateak eta PSEko bozeramaile Peio Lopez de Munainek ziurtatu dute "gasteiztarren bizi-kalitatearekin lotura" duten diru-sailetan "kopuruei eutsi" egin dietela. Hala, gizarteratzeko eta laneratzeko partidak handituko dituztela iragarri du Urtaranek, baita kaleko hezkuntzarako kontuak ere. Kulturan, sormena sustatzeko Eratzen zentro berriari begirako proiektuak abiatuko dituzte, eta Gasteiz Antzokia martxan jartzeko diru-saila onartuko dute berriro, aurreko urteetako dirua ez baitzen gastatu; bestalde, garapenerako lankidetzarako %0,7a berrezarriko dute.
Corte Inglesen, pasabidea
Lehentasunen artean, Santa Barbara plaza, Koroatze auzoa, tranbia eta BRT autobus sistema ezarri dituzte Urtaranek eta sozialistek. Santa Barbarari dagokionez, urte amaieran El Corte Ingles eta Abastos plaza lotuko dituen pasabidea jarriko dute; ondoren, parterreak kendu, estalki txikiak altxatu eta parkinga handituko dute ere. Eraberritze hori jeltzaleen Bost enparantza proiektuaren baitan kokatzen da, jatorriz Andra Mari Zuriaren plaza, Plaza Berria, Foru enparantza, Jesus Maria de Leizaola eta Santa Barbara plaza bere baitan hartzen dituena.
Koroatzeri dagokionez, 29 milioi euro bideratuko dituzte auzora, horietatik 11 Europatik jasota. Bertan, 750 etxetako energia-eraginkortasuna hobetuko dute, eta mugikortasuna errazteko neurriak hartuko dituzte.
Babesa behar dute
Udal gobernuaren bost zinegotziak eta PSEren laurak ez dira nahikoak Gasteizko aurrekontua onartzeko, udalbatza osatzen duten 27 zinegotzien erdiak gehi batek babestu behar dutelako proiektu ekonomikoa. Hori dela eta, EH Bildu edo PP-ren babesa behar izango dute, Hemen Gaude eta Irabaziren zinegotzi kopurua ez litzatekeelako nahikoa izango. Laster abiatuko da emendakinak egiteko epea eta, negoziazioek fruituak emanez gero, urte amaieran onartuko dituzte behin-betiko aurrekontuak; akordiorik ezean, aurtengoak luzatu behar izango dituzte.
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA