Izara leunak, marinel jantzi sendoak eta heriotza ornitzeko hil-oihal puntilladunak josten zituen amamak. Itsasoak zeharkatzen zituzten garraio-ontziak gidatzen zituen aititek. Lurreratzean, bion artean landatutako dendaren gaineko geure etxera, amamaren aingurara itzultzen zenean, bere maletan sartzen ziren munduko portuetan jasotako arrangurak eta algarak. Amamak belarrekin enplastuak egiten zituen gorputzaren eritasuk sendatzeko eta aititek ipuinak kontatzen zizkigun arimak sendotzeko. Hilen egunean, nire jaioterrira joan nintzen, lehenago izan zirenak eta naizen hau izateko erroak bota eta bideak erakutsi zizkidaten haiek bisitatzen.
Kanposantua maldan gora dago, zehazki nire bizitza goitik begiztatzeko behar dudan altuera justuan.
Egilea: Itziar Rekalde. Arabako ALEA