Bioaraba azoka ekologikoa ospatuko da hurrengo egunetan Iradier Arenan

hirinet 2015ko aza. 5a, 01:00

Azaroaren 6tik 9ra bitartean egingo da produktu ekologikoen, bizimodu osasuntsuaren eta kontsumo arduratsuaren inguruko azoka, Gasteizko Iradier Arenan.

Bigarren edizio honen helburua sektorearen ahalmena erakustea izango da. Horretarako, produktu eta zerbitzu hauekin lotutako 75 erakustoki baino gehiago jarriko dira: nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntza, energia berriztagarriak, ehungintza edo osagarri naturalak, besteak beste.

 

Bioaraba 2015 azokak, besteak beste, berrikuntza hauek eskainiko ditu: sukaldaritza lantegiak zuzenean, eta kontsumo arduratsuaren alorreko hitzaldiak.

 

2015eko Bioarabaren barruko hitzaldi zikloa ostiralean hasiko da, 12:00etan, Vizcantar olioen dastatzearekin; ondoren, Waldorf pedagogiari buruzko azalpena izango da. Arratsaldean, 17:00etan, ur ionizatuari eta osasunari buruzko hitzaldia eskainiko da, eta ondoren, kosmetika naturalari buruzko solasaldia.

Larunbatean, hilak 7, 12:00etan, Artepan, Gascoi eta Orikitxa produktuen dastatzea izango da; 13:15ean, lastozko moduluak baliatuz etxebizitza  ekologikoak eraikitzeko sistema berria aurkeztuko da. Arratsaldeko 17:30ean, Gasteizko Waska jatetxeko sukaldari Carlos Dávalosek sukaldaritza erakustaldia egingo du, eta 18:30ean Slow Fooden txanda izango da.

Igandean, azaroak 8, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak jaki ekologikoen etiketei buruzko hitzaldia emango du. Arratsaldean, 17:00etan, hidrogenoz aberastutako uraren onurak azalduko dira. Ondoren, ADN Ram-eko kide Javier Lorentek barreterapia izakiaren eraldaketa gisa azalduko du. 19:00etan, azkenik, Utarak kontzertua eskainiko du, Bioarabaren bigarren edizioari amaiera emateko.

 

Mash Media elkarteak sustatzen du, eta Gasteizko udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vital Kutxa fundazioaren babesa du.

 

Informazio gehiago: Bioaraba

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago