Kalitatea eta ilusioa nagusi Arabako musika taldeen lehiaketan

hirinet 2015ko aza. 6a, 01:00

Deep Links taldeak irabazi du Arabako musika taldeen lehiaketa. Finalean parte-hartzaileek erakutsi zuten kalitateak eta ilusioak agerian utzi dute bertako musika harrobia indartsua dela.

 

 

 

 

Kemena, urduritasuna eta batez ere ilusioa nagusi ziren Musika taldeen lehiaketako bederatzigarren edizioko finalaren entseguetan. Arabako Foru Aldundiak antolatuta, finalera heldu diren zortzi taldeen kontzertuak eskaini zituen urriaren 28an eta 29an Jimmy Jazz aretoak. Azkenik, Deep Links taldeak eraman zuen 6.000 euroko saria, baina guztiek bat egiten dute: sari bat da finalera heltzea eta Koroatze kalekoa bezalako plaza batean jotzea.

 

Ezezagunak eta askotan hasiberriak diren talde hauentzat musika munduan leku bat lortzea zaila da oso. Hartara, musikari berriak ezagutzera emateko eta euren ibilbide musikala bultzatzeko asmoz martxan jarri zuen Arabako Aldundiak lehiaketa hau orain dela bederatzi urte. Horren bultzada jaso dute Kodigo Norte, Similar Interests, Die Hard edo Los Fontane bezalako taldeek. Aurten zortzi talde lehiatu dira finalean: She’Sophie, Jefe Chirpa, HRS, Chalo VG, Deep Links, Ghost Number & His Tipsy Gypsies, El Malick eta Geometrica. Elkarren artean oso estilo ezberdinetakoak. Rocketik hasita, folk-eraino, rap-a edo indie-a ahaztu gabe.

 

Roberrek, Javik eta Jesusek osatutako Deep Links talde irabazleak  britainiar pop-rockaren eragina duen musika egiten du eta “zuzenean ederki emandako musikak” eman zion garaipena, epaimahaiaren esanetan. Taularatzea nabarmentzeaz aparte, “musikari onak dira, argi dutenak zer musika mota egin nahi duten eta zelan eman jendeari. Ezohiko apustua Arabako agertokietan” gaineratu zuen.

 

Adituen hitz “eder” hauek indarra eman die iaz sortu eta hasieran The Cure edo The Police musika taldeen bertsioak egiten zituen Deep Links-eko hirukoteari. “Inbertitutako lana, dirua, denbora eta esfortzua ez da alferrikakoa izan”, dio azken honek. Baina benetan asetzen gaituena jendeari gure musika gustatzea da”.  Are pozgarriagoa,  garaipena eman zien kontzertua egin duten lehena izan dela jakinda. Musika munduan etorkizuna “beltz” ikusten duten arren, hirukotea asmo handikoa da eta helburua maila profesionalean aritzea bada ere, gauzak lasaitasunez eta “bere garaian” egingo dutela adierazi dute. Muse eta Coldplay britainiarrak erreferente bezala izanik jarraituko dute bere pasioa garatzen, taldeko gitarra Javik Silvio Rodriguez eta Los Panchos bezalako artistengatik jasotzen duen eraginaz lagunduta.

 

 

Jefe Chirpak, aipamen berezia

Lehenengo saria ez, baina antolatzaileen aipamen berezia lortu zuen Jefe Chirpak, taldearen zuzeneko emanaldia “bikaina” izan zela azpimarratuz. Orain hiru urte kontzertuak eskaintzen hasi zen talde honek bi disko ditu kalean. Taldeko gitarra-jotzaile Asierrek azaldu bezala, hasieran soilik musika jotzeko elkartu ziren. Azkenean, ordea, taldea osatu zuten. Bere musika estilo bakar batean kokatzeko zailtasuna dute. Rock alternatiboaren barruan sar daitekeen arren,  taldekideek kontzeptu oso zabala dela deritzote eta behin norbaitek “rock gastriko” estiloa dutela esan ziela aitortu dute.

 

Hasiberrientzat aukera

Bertako talde hasiberriei aukera emateko lehiaketa hauek ezinbestekoak direla azaldu dute alea-rekin mintzatu diren sei taldeek eta musika munduan hasteko zailtasunak nabarmendu dituzte, gaur egun batez ere. “Orain dela hamar urte, oso erraza zen kontzertuak lortzea. Edonon zegoen taberna edo gaztetxe bat kontzertua emateko. Orain askoz latzagoa da, leku gutxiago dago eta zailagoa da gauzak aurkitzea”, adierazi du Jefe Chirpako Asierrek. Iritzi berekoa da VG talde raperoan aritzen den Chalo: “Aukera gutxi dago. Eta hori da, hain zuzen ere, eskatzen duguna, aukerak izatea. Baina aldi berean, ez dut nahi inork ezer oparitzea”. Bakarrik finalera iristea sari bat izan dela dio, “nolabait urte askotan egindako lanaren eta esfortzuaren aitorpena delako; guk egiten dugun musika estiloan gainera zailagoa da, Gasteizen estilo hau ez baita gehiegi mugitzen”.

 

 

Horregatik, zuzenekoa egiteko aukera izatea sari gisa hartu dute finalistek. “Poz-pozik gaude Jimmy Jazz jotzeko areto bikaina delako”, azaldu dute HRS taldeko lagunek. “Lehiaketa irabaztea bigarren maila batean geratzen da kontzertua emateko aukera duzunean”. Helburua ondo pasatzea izan zela gaineratu dute orain bost urte eratu zen Hard Rock Sound taldekoek. Duela bi hard rock musika estiloa nagusi duen diskoa kaleratu zuten, heavy metal klasikoaren eraginarekin.

 

Musika egitea, jolas

Bizitzaren esparru askotan gertatzen den bezala, askotan afizioak ogibide bilakatzen dira eta maila profesionalera salto egitea amesten dute musika talde askok. “Gehienetan, jolas bat bezala hasten da”, dio VG taldeko Chalok, “baina gerora, gauzak seriotasunez egiten hasten zara, estudio batera sartu… baina beti ere, ondo pasatzeko grina galdu gabe”.

 

 

Bere aldetik, Geometrica taldeak argi dauka profesionalak izatera heltzea gustatuko litzaiokeela. “Gure helmuga hori da baina oraindik lan egin behar dugu, taldea ezagutzera eman”, gaineratu zuen Geometricako Davidek. Hirukote hau azken aldian bogan dagoen indie rock musikan murgiltzen da, Vetusta Morla bere erreferentziazko taldeetako bat izanik. 2014an sortua, lehiaketaren finalean emandakoa bere azken zuzenekoa izango da, “orain  disko berria grabatu behar dugulako”.

 

Talde finalistek musika estilo batetik bestera salto egin zuten zuzenekoetan eta guztien artean, bere janzkeragatik eta estiloagatik nabarmendu zena Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldea izan zen. Swing, country eta rootless folk doinuekin  argi asko utzi zuten Arabako musika taldeen harrobia kalitatezkoa dela, baina batez ere, anitza.

 

 

Egilea: Itziar Hormilla. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide