Jatetxean eman duen denboran ez du beste ezer esan. Ikusi eta entzun, ordea, asko egin du. Labean egindako arroza jaten ari dela, esaterako, Kataluniaren gaineko berbak ailegatu zaizkio belarrietara, inork ez dakiela oso ondo zer gertatuko den eta, beraz, interesgarri dagoela panorama.Era berean, unibertsitateari buruzko berriketa kritiko samarra aditu du tarteka, esanengatik-eta, irakasle batzuen ahotan. Bertan ez dauden hirugarren pertsona batzuen inguruko zenbait pasarte ere entzun ditu, eta pertsona horiek (bertan ez dauden) beste hirugarren batzuekin dituzten harreman xelebreen oihartzuna jaso.
Bidaiak bakarrik egitera ohitua den pertsonaren antzera, begetarianora bakarrik joatea maite du Estik, bazkaltiarren arteko giro patxadatsua dastatzera: plazera sortzen dio genero humanoaren adierazpenak behatzeak mahai baten bueltan, ikus-entzunezko estimulu ozenik ez duen jatetxean.
Egilea: Edu Zelaieta. Arabako ALEA