Gaur, Zabalganako bizilagunek hitza hartu eta euren desadostasuna adierazi dute, Zabalgana Batuz auzo elkarteak bidalitako prentsa ohar baten bidez . Auzokideek salatu duten moduan, auzora heltzen diren Tuvisako autobusak jendez gainezka egoten dira, bereziki, puntako orduetan. "Hainbat linea heltzen dira Zabalganara, baina auzoa hiri erdigunearekin lotzen dutenetan jende gehiago doa". Elkarteak mugikortasuna hobetzeko proposamen falta salatzeaz gain, hiriko eremu honetako mugikortasuna hobetzea eskatu dute, erdigunetik urrun (40 minutu oinez) baitago eta ordu zehatz batzuetan Tuvisako zerbitzuak nahikoak ez direlako. “Zabalgana ezin da atzean gelditu eta ezin da egon betirako itxaroten mugikortasunaren arazoa konpondu arte".