María de Maeztu, Ernestina de Champourcin, Catalina de Erauso edo Patricia Elorzar Eguiara gasteiztarrei buruzko sarrerak badaude Wikipedian, baina beste asko ikusarazi litezke nazioarten ezagunena den interneteko plataforman egongo balira. Gasteizko emakumeen presentzia handitzeko, Udaleko Berdintasun Zerbitzuak I. Editatoia antolatu du astebururako.
Azaroaren 7an, larunbata, egun osoan zehar, egingo da jarduera berritzaile hori, Sareguneren aretoetan, Santa Maria Kantoian. Udalak antolatutako ekimenak Wikimedia-Espainia elkartearen, i2basque sare akademikoaren eta Internet&Euskadi elkartearen laguntza du.
Parte-hartzaileek Wikipedean Gasteizko emakumeei buruz txertatzen duten informazioa fidagarria dela bermatzeko, Udalak 2001ean argitaratu zuen Emakumeak Vitoria-Gasteizen mendeetan zehar liburutik ateratako informazioa emango die.
Euskaraz zein gaztelaniaz idatziko da informazioa, Wikipediako orriak bi hizkuntzetan sortzeko. Udalak proposatutakoez gain, herritarrek ere proposatu dituzte beste emakume talde batzuk.
Editatoiaren aurretik antolatu dira, batetik, eduki proposamen zehatzak lantzeko eta interesatuek edukiak Wikipedian nola sartu ikas dezaten lantegia eta, bestetik, Internet eta Wikipedia, berdintasunean? hitzaldia, azaroaren 6an, 19:00etan Montehermoson, Mentxu Ramilo, José Aranberri, Virginia Díez (Wikimedia-Espainia) eta Cristina Sarasuak (Wikimedia-Deutschland, bideokonferentziaz) hizlariekin.
Informazio gehiago: Emakumeon Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Eskola