Lan munduaren prekaritatea salatzeko sortu da #1200 eurotikGORA ekimena

hirinet 2015ko aza. 2a, 01:00

Egungo lan egoerak salatu eta soldata duinak eskatzeko asmoz, prekaritatea lehen pertsonan ezagutzen duten zortzi lagunetako talde batek #1200eurotikGORA ekimen berria martxan jarri du.

“Pobreziara kondenatu nahi gaituzte eta gu ez gaude horretarako prest. Beraz, gaiaren inguruko eztabaida soziala piztu eta egunerokoari modu duinean aurre egiteko soldaten beharra aldarrikatu nahi dugu”, azaldu dute. Taldearen esanetan, “milaka gara kopuru horretara ailegatzen ez diren langileak. Bazterkeria soziala pairatzeko arrisku erraldoia sufritzen duten lagunak ahaztu gabe”.


Ekimen berri honek ez du zifra zehatz baten inguruko eztabaida piztu nahi soilik, “egunerokoari estualdirik gabe aurre egiteko oinarrizko kopurua markatu dugun arren, sakoneko arazoari heldu nahi diogu”. Horretarako, “murrizketen bitartez pobrezia edo bazterketa hauspotzen duten horiengan” jarri nahi dute foku eta pobrezia, miseria eta prekaritatearen erantzuleak seinalatuko dituztela adierazi dute. Argiztapen foku baten bitartez, soldata duinak eskatzeko asmoz, ekintza ezberdinak egin dituzte Kutxabankek Araban duen eraikin nagusian edo Eusko Jaurlaritzak Lakuan dituen bulegoetan. “Modu argi zein imaginatiboan, prekaritatea bultzatu dutenak edo honekin amaitzeko beharrezkoak diren politika publikoak abian jartzen ez dituztenak seinalatu ditugu. #1200eurotikGORA ekimenak manifestua sortu du eta herritarren atxikimenduak biltzen ari da.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago