Tranbia Salburura luzatzeko asmoa duela iragarri du alkateak

hirinet 2015ko aza. 2a, 01:00

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek tranbia Unibertsitatera eta Salburura luzatzeko asmoa duela jakinaraziko die gaur udal talde politikoei.

 

Horrela erantzun dio azken asteetan tranbiaren luzapenaren inguruan sortutako eztabaidari: tranbia Angulematik Salbururantz luzatzea edo horren ordez, BRT edo autobus azkarra ezartzea. “Eragindako auzokoekin hitz egin dugu, eta talde politikoei entzun. BRT aukera bikaina izan arren, udal gobernuak nahiago du garraiobide hori linea periferikoan –zeinak hiriko 14 auzori eta gasteiztarren % 40i ematen baitie zerbitzu– ezarri eta ekialdearekiko lotura tranbia luzatuz egin. Udalaren gehiengo politikoa, Eusko Alderdi Jeltzalea barne, irtenbide horren aldekoa da”, adierazi du Urtaranek.

 

Urtaranek gaurko Eledunen Batzarrean azalduko du erabakia. Horrez gain, hitz eman du Gasteizko mugikortasunari buruz Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Udalak lotzen duten esparru-akordioa Udalean aztertuko dutela, hura zehaztu eta ofizialki aurkezten dutenean. Tranbia Unibertsitatera eta Salburura luzatzea aurreikusiko da eta BRT linea periferikoan garatzea. “Bi garraiobideek eskaintza aitzindaria, integratua, osagarria eta guztiz bateragarria osatzen dute. Eta horri bizikleta elektrikoa gehituko zaio, geltokietatik beste helmuga batzuetaraino joateko”, zehaztu du alkateak.

 

Zabalganari dagokionez, alkateak esan du agintaldi honetan aztertuko dela nola eman gaitasun handiko erantzuna auzoak duen mugikortasun eskaerari, aurreikusita zegoen bezala. Gainera, lanean jarraituko da TUVISAren lineak hobetzen, eta orain eraikitzen ari den gizarte etxea institutua, haur eta lehen hezkuntzako bigarren ikastetxea eta abian jartzeko falta diren ekipamenduak lehenbailehen erabiltzerik izan dezaten.

 

Bus azkarrari dagokionez, Gorka Urtaranek erantsi du hura ezarri ahala Udalak behar diren urbanizazio lanak egingo dituela zirkulaziorako errei esklusiboa jartzeak eragindako ingurua hobetzeko, aurrekontuak ahalbidetzen duen neurrian. Esate baterako, Madril kalean aurreikusitako Arana bulebarraren proiektua.

 

Gai honi lotutako albiste gehiago:

Zabalgana eta Salburua, bizilagunen eskakizunak

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago