Auzo berrien beharren inguruan hitz egiteko Salburua Burdinbide auzo elkarteko Ioseba Mtz. De Guereñu eta Zabalgana Batuz auzo elkarteko kidea den Iñigorekin izan da Hirinet. Lehenik eta behin, urriaren 21ean alkateak Salburura egin zuen bisita izan dugu hizpide. “Eskertzekoa da lehen aldiz gure auzoan alkatearen bisita jasotzea”, dio Iosebak. Zabalganan, ordea, ez dute oraindik udalaren bisitarik jaso eta Salburuko hitzordua ezagutu zutenean, “baztertutako sentimendua” zabaldu zela adierazi du Zabalgana Batuzeko Iñigok. “Informazioa, auzoarekiko konpromisoa, txosten eta teknikoen azalpenak behar ditugu auzoan”.
Mugikortasuna: tranbia eta autobus azkarra
“Zin egin zuten tranbia Salburura ekarriko zutela eta bat-batean ezetz esan zutenean harrituta geratu ginen”, azaldu du Salburuko auzo elkarteko Josebak eta horren ordez, BRT edo autobus azkarra jartzeko aukera aztertuko zutela adierazi zuen Gasteizko udalak. Hori dela eta, alkatearen azalpenak eskatu zituzten baina zoritxarrez, jasotako azalpenak eskasak izan ziren eta auzokideek ez daukate oso argi zertan datzan autobus azkar hori. “Alkateak berak ere ez dauka oso argi, proiektua garatu gabe dagoelako”, salatu du.
Zabalganan, aldiz, proposamenaren informaziorik ez dutela azaldu dute. “Medioetan agertu dena soilik dakigu eta lan egiteko era horrekin behingoz amaitu behar dela uste dugu. Ezin dugu bata ala bestearen aldeko jarrera bat bultzatu informaziorik gabe, baina proposamenetara irekita gaude. Baina argi daukagu mugikortasun plan batek auzoak dauzkan gabezia guztiak behingoz konpondu behar dituela era batean edo bestean”.
Zabalgana eta Salburua lotzeko trenbide sarea erabiltzea
Auzo biek trenbide sarea aprobetxatzeko aukera hau begi onez ikusten dute. Mugikortasunaren arazoari aurre egiteko “baliabide guztiak” erabili behar direla uste dute Zabalganan. Bata bestearengandik hain urrun dauden bi gune hauek lotzea ideia bikaina da, Josebaren esanetan, are gehiago, Salburua eta Jundiz lotuko zituelako. “Ez da aukera erraza, trenbidea ADIF-ena delako, baina aztertzekoa dela uste dugu”.
Gizarte etxeak
Salburuan oso kezkatuta daude gizarte etxe berriarekin. Udal ekipamendua guztiz prest egon baino lehen ateak zabaldu zituela salatu zuten beren garaian auzokideek, baina “Javier Marotok berak presioa egin zuen eraikina berak nahi zuen egunean zabaltzeko, hau da, hauteskundeak baino egun batzuk lehenago. Ez zitzaion inporta nola irekitzen zen, bakarrik bere interesak inportatzen zitzaizkion eta orain ikusten dugu emaitza”. Izan ere, geroztik gizarte etxeak eman dituen arazoak ugari direla salatu du behin baino gehiagotan auzo elkarteak: ekipamendu eskasa izateaz gain, eraikuntzak ez ditu ezinduentzako sarrera egokiak, ez du errespetatzen eraikuntzen kode teknikoak ezartzen duen energiaren kontrol eta eraginkortasunaren atala eta airea girotzeko gailuek zarata gehiegi ateratzen dute. “Udaltzaingoak behin joan zen zarata neurtzera eta baimendutakoa baino gehiago ematen zuen”, adierazi du Josebak. Gainera, eraikuntzan kalitate baxuzko materialak erabiltzearen ondorioz, hainbat ekintza bertan behera utzi behar izan dira itoginak zeudelako. Gauzak horrela auzo elkartea dena konpondu arte gizarte etxea ixtearen aldekoa da. “Urtaranek esan zigun beharrezkoa balitz itxiko dutela konpontzeko, baina ikusiko dugu zer gertatzen den”.
Zabalganan, aldiz, oraindik eraikuntza fasean dago gizarte etxea baina auzo elkarteak baditu bere aldarrikapenak honen inguruan. “Poliki-poliki badoa aurrera eraikina, baina beti esan dugun bezala ez zaio behar beste diru eman obrari normaltasunez lan egiteko. Hau da, obrak bi urte iraun behar badu ezin da lehenengo urtean %15eko dirua eman eta bigarren urtean %55. Honek eragiten du enpresek lan guztiei ezin aurre egitea diru faltagatik eta horrela ikus dezakegu gaur egun bertan dauden harkaitz mendi izugarrietan”.
Obrak amaituta, auzokideen parte hartzea bultzatu nahi du Zabalgana Batuzek eta horretarako, gizarte etxean egongo den eskaintza eta baliabideak nola erabili daitezkeen zehazteko lan talde bat osatu nahi dute, udalarekin batera.
Ikastetxeak
Ikastetxeen auzia auzo berrietako bizilagunen beste kezka garrantzitsu bat da. Zabalganan, esaterako, ez dute oraindik bigarren hezkuntza egiteko ikastetxerik eta auzoko lehenengo belaunaldiak Lakuara joan behar izan du. “Borondate falta izugarria” sumatzen dute Eusko Jaurlaritzaren partez. Antza denez, obrak hasteko prozesua geldirik darama pasaden urteko azarotik eta ez dute argudiorik ematen. “Guk argi daukagu hezkuntza da gizarte honen zutabeetako bat eta auzoan ikasteko eskubidea bermatu behar da”, azaldu du auzo elkarteko kideak.
Salburun ere kezkatuta daude ikastetxeekin. Momento honetan Lehen Hezkuntzako Errekabarri ikastetxearen obrak noiz hasiko zain daude. Bitartean, Ruiz de Garibay ikastetxean, behin behineko moduan dauden ikasleen egoera salatu dute gurasoek: gela berrietan zein 4-5 urteko psikomotrizitate geletan materialik eta 2 urteko umeentzako autobusik ez egotea eta jantokian zein irteeran espazio arazoak... Gauzak horrela, datorren asteartean, hilak 3, bilduko dira alkatearekin eta Hirigintza saileko arduradunekin. Datorren larunbatean, berriz, elkarretaratzea egingo dute ikastetxea eraikiko den eremuan. 12.00etan izango da.
Auzokideen lorpenak
Auzo hauen eskaera alde batera utzita, asko dira auzokideek lortu dituzten aurrerapenak. Zabalganan, esaterako, hiri-ortuen proiektua aurrera ateratzea ahalbidetu dute auzokideek. “Oso polita da auzokideak ortuetan landutako orduak bere saria daukala ikustea. Auzokideek mahai gainean jarri dute lan guztia eta orain udalak egin behar duen gauza bakarra baliabideak ematea da eta hauek oso merkeak dira, gizarteak jasotzen dituen onurak kontuan hartzen baditugu”, azaldu du Iñigok. Salburuan, berriz, auzo elkartetik antolatzen diren jarduerak eta ikastaroak oso arrakastatsuak direla azaldu du Josebak: “oso pozik gaude bizilagunen parte hartzearekin”.
Bestelako beharrak
Aurretik aipatutako ekipamenduez gain, auzoak bestela beharra badituzte, bizilagunen egunerokotasunean behar beharrezkoak direnak. Horrela, frontoia, Agoraespace-a edo futbol zelaia eskatzen dute Zabalganako bizilaegunek, baita auzoko zonalde berriekin udalak begirunea izan dezan, Borinbizkarra bezalako guneetan ez baitago ezer. Antzeko aldarrikapena egiten dute Salburun. “Larrein eta Arkaiate auzoarekin lotu behar dira behingoz”.