Alonso eta Marotorekin batera, PPko Sektore idazkaria eta 2007an Arabako hiriburuaren udal gobernuan zeuden beste zazpi pertsona epaituko ditu auzitegiak. EFE agentziak jakinarazi duenez, Gasteizko Udalak eta EAJ-PSE-k aurkeztutako salaketak "epaiketa arrunt batean" aztertuko dituzte, ustezko iruzurra 6.000 eurokoa baino handiagoa baita.
San Antonio kalean kokatzen diren aipatutako lokalak 2006an erosi zituen Gonzalo Antonek 2,7 milioi euroren truke eta 2007an udalak harekin hitzartu zuen alokairu kontratuak 7,6 miloi euroko kostua izan zuen, Alfonso Alonso alkate zela eta Javier Maroto Ogasun zinegotzia zela. Herritarrei laguntzeko bulegoak bertan instalatzeko helburuarekin, Gonzalo Anton enpresari arabarren lokal horiek alokatu zituen udalak, hogei urterako. Udalaren poltsikotik irten zen bulegoak berritzeko erabilitako dirua eta, gainera, kontratua ez eteteko hainbat klausula ere sinatu zen.
Auzian, Alfonso Alonsoren udal gobernua osatzen zuten zinegotzi guztiak daude: Alfredo Iturritxa, Marian Castellanos, Jorge Ibarrondo, Idoia Garmendia, Encina Serrano, Fernando Arangiz, Miguel Angel Etxebarria baita Manuel Uriarte ere, egungo Udaleko Ogasuneko arduraduna. PSEko zinegotzi bat ere Marian Gutierrez auzian sartuta dago, Alonsoren garaian Ogasuneko arduraduna baitzen.
Ikerketa batzordea eratu zuten 2013an udaleko oposizioko taldeek. EAJk, PSEk eta EH Bilduk osatutako batzordeak frogatutzat jo zuen San Antonio kaleko bulegoen kontratua interes publikoaren aurkakoa izan zela eta afera Madrileraino iristeko bidea zabaldu zuen.
Argazkia: EITB