Ziza eta onddoen erreinua ezagutarazteko buru-belarri dabiltza Arabako mikologia elkarteak

hirinet 2015ko aza. 2a, 13:00

Onddoak ikusten zituztenean, ostikoa ematen zieten Trebiñuko Baxauri herriko belaunaldi zaharrek. Txarrak zirela uste zuten, eta hiruzpalau ziza mota baino ez zituzten hartzen: batez ere, perretxikoak (udaberriko zizak), pago-zizak (gazteleraz, pardilla) eta urril-ziza (platera)".

Basoko perlen erreinu hori arabarren artean ezagutzera emateko,  lanera jarri ziren duela hogei urte baino gehiago Baxauri kultur elkarteko lagunak, Alfredo Mendoza presidenteak Alea-n gogora ekarri duenez. 15 biztanleko herri honetan, udazkenero antolatzen duten Mikologia Eguna "Euskal Herriko mikologia jardunaldi garrantzitsuenen artean egoteko bidean da", azken bi hamarkadetan egin duten ahaleginari esker. Aurtengo hitzordua, hogeita hirugarrena, larunbat honetan izango da, 200 espezie ezberdin biltzeko erronkari helduta. Zerumuga horri begira, iaz 137 ziza eta onddo mota ezberdin bildu zituzten, Trebiñu, Mendialdea eta Arabako beste bazter batzuetatik gerturatutako 45 lagunen artean.

 

Datu basea, Arabatik mundura

Behin saskian, iratxo fungi horiek sailkatzea izaten da zailtasun nagusia, eta zeregin horretan ekarpen esanguratsua egin du Arabako Baxauri elkarteak: lurraldeko eta mundu osoko 1.200 espezieren fitxak osatu eta sareratu ditu, Javier Ubillos mikofiloaren eskutik. "Duela zazpi urte hasi nintzen bilduma egiten, Baxauriko jardunaldia aberasteko; proiektua, alabaina, zabalduz joan zen, eta duela lau urte lan hori guztia interneten eskuragarri jartzea erabaki genuen, Gastronomiazko Euskal Anaiartearekin batera", dio. Egindakoaren aitortza, dibulgazio lan onenagatik saria eman zion Eusko Jaurlaritzak iaz Artiumen.

 

Izen zientifikoa, izen herrikoiak, ezaugarriak, habitata, sasoia, erabilpen gastronomikoak eta hankasartze ohikoenak zehazten ditu Javier Ubillosek datu basean (www.fichasmicologicas.com). Bost kontinenteetako  zaleek baliatuta, irailean 20.000 bisita izan ditu, 660 inguru egunero, eta urrian kopuru hori bikoiztuko dutela espero dute elkarteko kideek. Orain, euskarara itzultzeko egitasmoa dute esku artean. Bitartean, sailkapenean euskarazko, galegozko eta katalanezko izen herrikoiak ere aipatzen dituzte.

 

Ziza kopurua, gutxitzen

Arabako espezie barietatean ez du aldaketarik antzeman Javier Ubillosek azken berregeita hamar urteetan, baina bai ordea ale kopuruan, "murriztu egin baita". Hala baieztatu du estatuko mikologia elkarte zaharrenarekin, aurten mende erdi bete duen Aranzadi Zientzia Elkartearekin hain zuzen: "Kopurua gutxitu da, seguraski herbizida, fungizida eta bestelako produktu kimikoen erabilerari lotuta, bai eta beroketa globalaren ondorioz ere", dio.

 

Txanponaren beste aldean, aldiz, mikologia kultura hobetu dela nabarmendu du: "Zizak biltzeko afizioa zabaldu da, eta horrekin batera espezieen ezaguera nabarmen handitu da gurean; lehen, bospasei  ziza mota baino ez genituen hartzen: perretxikoak, galanpernak, pago-zizak (pardilla), ziza hanka urdina (pie azul), onddo zuria (boletus edulis) eta ziza horia (rebozuelo, cantharellus motakoa)". Gaur egun, askoz espezie gehiago ezagutzen ditugu, eta horiek biltzeko modu zuzena ere hobetzen ari da gizartean". Aurrerapauso hori, adituaren hitzetan, "hein handi batean Arabako mikologia elkarteen lanari esker egin da".

 

Arabako beste erpinean, Baxauritik kotxez ordubetean, mikologia egitasmo anbiziotsuak dituzte Gorbeiako Bazterra elkarteko kideek. Duela hamabi urte sortu zuten taldea Murgian, Gorbeialdeako eta beste kuadrilla batzuetako zaleek bultzatuta, eta gaur egun 35 bazkidek osatzen dute. Urtero egiten dute ziza eta onddo erakusketa herrian, eta jarduera hori aberasteko asmoz, 2011. urteaz geroztik mikologia jardunaldiak antolatu dituzte; azkenak, joan den astean, "oso arrakastatsuak".

 

Elkarteko presidente Vicente Blancok Pobesetik (Añana) zehaztu duenez, 2.500 pertsonek parte hartu dute aurtengo edizioan, lau hitzaldi –horietako bat euskaraz– eta herriko tabernetan zehar antolatutako Mikopintxo ibilbidea barne.

 

Espezieen zerrendetan, "hutsuneak"

Larunbatero mendira joaten dira Gorbeiako Bazterra elkarteko kideak, eta astelehen arratsaldetan  20:00etatik aurrera Murgiako Udaletxean duten egoitzan biltzen dira, bildutakoa sailkatzeko eta herritarrei ziza eta onddoak identifikatzen laguntzeko. Milaka ale pasatzen dira haien eskuetatik, eta, hori dela eta, onddoen mapa osatzeko harri-koskorra jartzeko lanean ari dira: "Arabako zizen datu base ofizialak oso pobreak dira: espezieak falta dira zerrendetan, eta oso ohikoak diren zenbait mota ere ez dituzte aipatzen". Bitxikeria moduan, aipatu du gauza bera gertatzen dela beste datu base batzuetan, esaterako ornitologiari buruzkoetan: "Hain ohikoa den  txolarrea, esaterako, ez da zerrenda horietako askotan agertzen, inork ez duelako inoiz argitalpen ofizial batean aipatu".

 

Datu base horietan agertzeko, ezinbestekoa da espezie bat argitalpen ofizial batean aipatzea, eta horretarako lan egingo dute Gorbeiako Bazterra elkartetik. Modu horretan, espezieen mapa osatu nahi dute, ondoren hainbat mikologoren artean estatu mailan mehatxatutako espezieen zerrenda argitaratzeko. Araban, adibidez, badaude "ohikoak ez diren cantharellus mota batzuk, zaindu beharko genituzkeenak, dauden gutxiak desagertu ez daitezen".

 

Bitartean, izotza ez egitea espero dute zaleek, azken egunotako tenperatura altuek eragindako uzta ona mantendu dadin. Arabako udazkena, saski bete onddo.

 

MIKOLOGIA TALDEAK ARABAN

Murgia: Gorbeiako Bazterra mikologia eta natur zientzien elkartea

Baxauri (Trebiñu): Baxauri kultura elkarteko mikologia taldea

Amurrio: Arriola mikologia elkartea

Laudio: Laudiko mikologia elkartea

Gasteiz: Manuel Iradier txangolari elkarteko mikologia taldea

Araia: Amalur tadeak onddo bilketa eta erakusketa antolatzen ditu.

 

Araban ere, gehiegikeriei muga

Neurrigabekeriei aurre egin eta onddo bilketa jasangarria sustatzeko, dekretua onartzen lehena izan zen Arabako Foru Aldundia Euskal Autonomia Erkidegoan, 2008an. Araudiaren arabera, pertsona bakoitzak bi kilo har ditzake gehienez egun bakoitzean, eta saskia erabili behar du derrigorrez, plastikozko poltsen aireztapen faltak eragindako indigestioak saihesteko eta, era berean, saskiaren zuloetatik esporak lurrera erori daitezen, horietatik ziza eta onddo berriak hazi ahal izateko.

 

Araudi horretaz harago, eta Nafarroako Ultzamako mikologia parkearen eredua jarraituz, Araban Asparrena-Apotako mikologia parkea sortu zuten duela zazpi urte Aizkorri-Aratz natur parkeko sei mendi publikoetan, aberastasun mikologikoa zaindu eta, aldi berean, turismo eta ekonomia pizgarri berria sortzeko asmoz. Onddoak eta zizak biltzeko, herritik kanpokoek lau euro ordaindu behar dituzte egun bakoitzeko, edo 50 euro urteko abonuagatik; herrikoek bost euro ordaintzen dituzte denboraldi osorako. Bildutako dirua Parketxea sustatzeko eta haurreskolarako erabiltzen dute.

 

Lautadakoen aztarna jarraituz, Arraia-Maeztuk araudi berria abiatu du duela hilabete. Atauri izan ezik, udalerriko gainerako kontzeju guztiek araudiarekin bat egin dute (Apinaiz –Apellaniz–, Azazeta, Korres, Maeztu, Onraita, Aletxa, Erroitegi, Sabando, Birgaragoien eta Birgarabarren, Areatza, Zekuiano, Ibisate, Leortza eta Musitu, bai eta Harana udalerriko Done Bikendi Harana herriaren zati batek ere).

 

Arabako Mendialdeako txoko honetako bizilagunek onddo-denboraldi osorako bost euro ordainduko dituzte eta gehienez bost kilo onddo, ziza eta fruitu batu ahal izango dituzte; kanpokoek, aldiz, hiru kilo jaso ahal izango dituzte, hiru txartel mota erosita: egunekoa (bost euro), astekoa (hogei euro) eta urtekoa (laurogei). Kuoten bidez jasoko dutena mendiak zaintzeko erabiliko dutela adierazi dio aleari Anartz Gorrotxategik, Arraia-Maeztuko alkateak.

 

Arabako beste txoko batzuetan, Kuartangon eta Zalduondon esaterako, onddo-barrutiak sortzeko aukera aztertu dute ere. Aldiz, Trebiñuko San Martin Galvarin udalerrian 2008an araudia abiatu eta gero ezerezean utzi zuten, besteak beste kontrolerako tresnak ezartzeko aurrekontu faltagatik.

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago