Hogeita zazpi urte dira dispertsioa euskal presoei aplikatzen hasi zitzaienetik. Zer momentutan dago?
Esango nuke momentu txarrenetako batean gaudela. Mendeku neurri moduan ezarri zuten, neurri politiko moduan beraz, eta ETAk haren indarkeria jarduerari amaiera esan eta lau urtera ere berdin jarraitzen dugu. Mendeku jarrera horrek, noski, ez dio presoari bakarrik eragiten; familiak pairatzen du. Milaka kilometro egin behar dituzte urtean, 63.000 kilometro batez beste familia bakoitzak. Txikienen hezkuntza prozesuan ere eragiten duela antzeman dugu eta edadetu askok ezin dituzte euren seme-alabak bisitatu. Mendekua da darabilten elementu nagusia eta horren aurrean uste dugu herritarrek erantzun behar dutela. Giza eskubideak urratzen ari dira, bai presoei eta baita familia kolektiboari; ideologiez harago, elkartuta erantzun behar dugu irmo.
Tartean, Gasteizko Jose Ramon Lopez de Abetxukoren kasua dugu.
Betidaniko laguna dut, eta bi hilean behin bisitatzen dut. Abuztuan atera behar zen, kondena erabat bete eta gero, baina kartzelan jarraituko du ez dutelako zenbatuko Frantzian egindako espetxealdia; hori, esan beharrik ez dago, legez kanpokoa da, Europako araudia betetzen ez duelako horretara behartuta egon arren. Egoera lazgarria da benetan. Legea bera ez da betetzen eta gainera alderdi politiko askoren oniritzi eta isiltasunarekin. Eta, baita, hedabideen onespenarekin ere; jakinik legea betetzen ez dela, ez da ezer gertatzen.
Joan den igandean eskaini zuen ETBk, hain zuzen, hiru urteren ostean 'Barrura begiratzeko leihoak' euskal presoei buruzko dokumentala.
Hori utzikeriaren seinale da. Badaude uste dutenak duela lau urte ETAk hartutako erabakiaren ostean arazoa amaitu dela... Eta arazoa egon badago, eta gatazkaz ari bagara eta gatazkaren ebazpenaz ari bagara ezin dugu iturburuei buruz bakarrik hitz egin, ondorioei buruz ere egin behar dugu. 470 presoen asistentzia ere gai nagusia dugu, eta aterabidea ematen ez zaion bitartean beti egongo da gaizki itxitako gatazka bat edo konpondu gabeko gatazka bat.
Joan den urtean 'Dispertsioaren liburua' aurkeztu zuen Sarek, eman beharreko zenbait pauso jasotzen zituena. Geroztik, aurrera egin al da?
Guk pauso horiek ematen jarraitzen dugu. Sareren aldetik bilatu nahi dugu, batez ere, gizarte guztiaren kontzientziazioa, ideologia politikoen gainetik, eta sendo nabarmendu nahi dugu giza eskubideen urraketa; edozein herritarrek dituen eskubideak dira, egin duen delitua egin duela. Bide horretan antolatu ditugu giza kateak, egunerokoan Sareko lagunek egiten duten lana eta urteari amaiera jartzen dion urtarrileko mobilizazioa. Gustatuko litzaiguke manifestazio hori egin behar ez izatea, horrek esan nahiko lukeelako egiteko arrazoirik ere ez dagoela, baina egoten diren bitartean Sare herri ekimenaren lanak berdin jarraituko du.
Aurten, gainera, Bagoaz ekimenarekin batera egin du elkarlanean Sarek?
Hori izango da hurrengo manifestazioko nobedade nagusia. Bi manifestazio batera egingo dira, Bilbon eta Baionan, urtarrilaren 9an. Iparraldean lan egiten duen taldea da Bagoaz, eta kasu honetan Frantziako alderdi politiko gehienek egin dute bat ekimenarekin, Le Penen alderdiak salbu, baita alderdi sozialistak ere. Iparraldean sakabanaketaren kontra lan egitea legezkoa bada zergatik ez hegoaldean? Eta, zergatik bertan inplikatzen diren indarrak ez dira inplikatzen hegoaldean? Hori da egin nahi dugun deia. Uste dut pauso garrantzitsua dela eman duguna, presoen giza eskubideen alde lan egiten duten bi elkartek batera urratsak egitea.
Europara jotzeko asmoa ere baduzue. Zein ekimen ari zarete prestatzen?
Jurista talde batekin ari gara lanean, askotarikoa, lege salbuespenen inguruko dokumentu bateratu bat prestatzeko. Ikuspuntu juridiko batetik egin nahi dugu salaketa, Europako instantzietan. Prozesuarekin aurrera egiteko moduaren inguruan ideia asko daude Saren, eta hori uste dut aberasgarria dela; batzuk uste dugu etengabe Espainiara jotzea, edo auzitegi espainoletara, denbora galtzea dela. Badakigu jarrera politikoa dagoela justizian, politika alderdikoia, eta politika justiziaren alorrean sartzen denean justizia desagertu egiten da. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela, betiere atzean utzi gabe bertan egiten diren salaketak, Europara jotzea; instantzia politiko eta juridikoetara jo behar da azaltzeko Europa demokratiko horretan estatukide bat zer egiten ari den. Europako instantzietara emandako pausoa berria da eta uste dut fruituak emango dituela, aurretik batzuk eman dituen moduan. Arazo bat ere badago: instantzia egin eta zazpi urte barru erantzun dezaketela. Zazpi urte horietan Espainiako gobernuaren mendekuak aurrera jarraitzen du, eta kalean egon behar luketen lagunek kartzelan jarraitzen dute.
Eta, etxean? Eusko Jaurlaritzak nahikoa pauso eman al ditu?
Ez dugu polemikan sartu nahi Jaurlaritzarekin. Batzuetan haren posizioarekin bat egin dezakegu, baina jarrera aldaketa bat ere gustatuko litzaiguke; euskal instituzioekin batera, indar politikoek eta baita hedabideek ere ETAri pausoak emateko galdegiten dioten indar berberarekin Espainiako Gobernuari galdegitea gustatuko litzaiguke. ETAri etengabe pausoak eskatzeaz gainera, egin beharrekoa dudarik gabe, insistentzia bera eskatu nahi diegu Espainiako Gobernuarekin. ETAk eman zuen eman zezakeen pausorik garrantzitsuena haren historian, duela lau urte. Mendeku jarrerak alde batera uzteko eskatu nahi dugu.
Justizia sailburua izan zinen aurretik, eta justizia eskatzeko elkarte batean zaude orain. Nolakoa izan da bilakaera?
Ez da aldaketa nabarmenik izan nire kasuan. Oraindik jardunbide bat dago nire kontra sailburu nintzen garaietatik, presoen senideentzako diru laguntzen dekretuagatik; egiten dituzten bidaiek duten zama ekonomikoa izan ez dezaten onartu genuen dekretua 2005ean eta familia askok erabili zuten. Patxi Lopezen gobernuak bertan behera utzi zuen, eta, zoritxarrez, haren atzetik etorri den gobernuak ere ez du berriz martxan jarri. Ordutik dago nire kontrako jardunbidea irekita, eta ez dakit zertan gertatuko den. Nire kasuan jarrera sakabanaketaren kontrakoa izan zen lehen eta orain; giza eskubideen defentsa izan da nire zeregina eta izaten jarraitzen du, beste modu batez.
Espainiako hauteskundeak bitartean jarrera aldaketarik sumatzen duzu? Eta, ondoren, zer jarrera izango dute alderdiek?
Hemendik eta hauteskundeetara ez dugu aldaketarik espero. Gero ikusiko dugu zeinek irabazten duen, baina berdinek irabazten badute uste dut zoritxarrez egoerak berdina izaten jarraituko duela, egoera honetan oso eroso dagoelako Espainiako Gobernua. Badaki ETAk erabaki bat hartu duela eta atzera bueltarik ez duen erabakia dela, eta beraz eroso dago posizio horretan. Eta ez du pausorik emango kartzeletako egoera biguntzeko edo lege salbuespenekin amaitzeko, badakielako sektore kontserbadoreenek lagapen baten moduan ulertuko dutela. Erosotasun horretan ederki daude. Asko poztuko nintzateke eurek jarraituko ez balute, eta gutxieneko aldaketa bat izango balitz, itxaropen zirrikitu bat izateko egoera aldatzeko.
Sareren jarduera ikertzeari ekin zion Auzitegi Nazionalak uda aurretik. Zertan da prozedura?
Prozedurak aurrera jarraitzen du. Jarrera horren lehen zantzua Sareren dirua konfiskatu zutenean ikusi genuen, urtarrileko mobilizazioaren ostean. Errekurtso bat jarri zen, baina tramitea poliki doa… Espainiako justizia ezagututa, uste dugu tamalez ulertzen jarraituko dutela elkartasuna ere "delitua" dela. Bere garaian Garzon epaileak izena eman zion kontzeptu horrek –"Dena ETA da”– alor guztiak irentsi ditu. Presoen egoerarekin solidario izatea ez da delitua.
Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA