Etxebizitza hutsak, berritze lanak egitearen truke

hirinet 2015ko urr. 30a, 01:00

Zenbaki gorriek jota, eta eraikin gehiago altxatu beharrean pisu zaharrak birgaitzeko asmo berriari helduta, Gasteizko 62 etxebizitza huts berritze lanak egitearen truke eskaintzeko aukera jarriko du mahai gainean 21 Zabalgunea udal enpresak (Ensanche 21).

Errekaleor, Aretxabaleta eta Olarizun dauzkan 371 pisuez gain, erabili gabeko beste 87 etxebizitza ditu 21 Zabalguneak, ia sei milioi eurotan baloratuta eta urtero mantenu gastu handiak eragiten dizkionak.

 

Pisu horietatik 25 egoera onean daude, eta zuzenean alokatzeko aukera aztertuko du. Gainerako 62 etxeek, aldiz, berritze lanak behar dituzte: 46 oso egoera txarrean daude, bost egoera kaskarrean, zazpi erdipurdikoan eta lau konponketa txikien beharrean. Etxebizitza huts horiek gehienak Alde Zaharrean daude, Hedegile kalean (Correría), Errementarin (Herrería) eta Barnekale Berria Juduen Kalean (Nueva Dentro).

 

Errentatik deskontatuta

Bertan biziko diren errentariek pisuak zaharberritu beharko dituzte. Berrikuntza horretan gastatuko dutena, bere diru-sarreren arabera ezarritako hileko errentatik deskontatuko diete.

 

Hori proposatuko du PSEk udal enpresaren administrazio kontseiluan, eta aldaketarik ezean, ordezkarien gehiengoaren babesa izango du, EAJk, EH Bilduk eta Hemen Gaudek (Podemos) komunikabideetan euren oniritzia adierazi dutelako (Irabazik ez du ordezkapenik 21 Zabalgunean). PPren jarrera oraindik argitzeke, gainerako indar politikoek gehiengo osoa lortuko lukete euren botoekin. Edonola ere, 21 Zabalgunea enpresako administrazio kontseiluan eztabaidatu behar dute orain proposamena, alderdien ekarpenak barne.

 

Jabetzak salgai

Etxebizitzak bakarrik ez: garajeak ere hutsik ditu 21 Zabalguneak. Gasteizko Mariturri auzoan, esaterako, 78 plaza ditu erabili gabe, eta horiek ere alokairuan ateratzea proposatu dute sozialistek. Testuinguru horretan, Gorka Urtaran alkateak ondasunen mapa bat osatzeko eskatu dio udal enpresari, jabetza horietako batzuk saldu eta Udalarentzat dirua lortzeko. Hain zuzen, 21 Zabalguneak hogei milioi euroko mailegua eskatu dio Kutxabanki, Gasteizko Udalarekin zuen zorra kitatzeko.

 

 

Errekaleorreko gazteei, gizarte-alokairu proposamena

Dagoeneko bi urte pasa dira lehenengo gazteak Errekaleor auzoko etxebizitza hutsetan sartu zirenetik. Gaztetxea, liburutegia, zinema, auzo-baratza eta oilotegia sortu dituzte orain arte, besteak beste, Errekaleor Bizirik proiektuko kideek. Testuinguru honetan, Gorka Urtaran alkateak eta Alvaro Iturritxa udal gobernuko ordezkariak proposamen berria egin zieten auzokide berriei urriaren 13an: Aretxabaletan Udalak hutsik dituen etxebizitzetara joatea, eta errenta bat ordaindu ordez pisu horien berritze lanak egitea. Oraingoz, Errekaleor Bizirik-ek ez du proposamenaren inguruko erabakirik plazaratu. Bitartean, auzoan bizitzen jarraitzeko aukera zabaldu zien azken epaiak, Udalak bertan hirigintza-proiekturik gauzatu arte.

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago