Gasteizen, azken urteotan, aldaketa esanguratsua izan dugu gure instituzio sozial garrantzitsuenetako batean, hau da, poteoan: tabernetatik kanpora atera da. Duela urte batzuk askoz giro gutxiago zegoen kalean, eta poteoa batez ere taberna barruan egiten zen; normala, Siberia-Gasteizen bizi gara! Baina orain gero eta ohikoagoa da tabernetatik kanpora ere koadrilarekin egotea, kalean biziz eta kalea bizituz. Eta ez da soilik udako kontua, joera honek udan bere gorena jotzen badu ere.
Zergatik gertatu da aldaketa? Arrazoi asko daude. Batetik, barruan erretzeko debekua dugu: tabernari askok mahaitxoak, altuxeagoak ala baxuagoak, paratu zituzten atearen ondoan, erretzaileentzako babesleku. Tabakozaleak pioneroak izan dira kalearen birkonkista honetan. Bitxia da nola debeku batek eragin hain alaia eta bizigarria izan dezakeen. Beste arrazoia kalera zabaldu diren taberna askoren eboluzioa dugu, alde zaharrean era nabarmenean eta hiri osoan antzeman daitekeena. Udalak eginiko arautegiak, beladoreak onartuz, lagundu du prozesu honetan, baina seguruenik auzo askotan garatu den pintxopote tradizio berriak gehiago bultzatu du gasteiztar askorengan kalean solas egiteko gogoa, disfrutatzeko modua baita lagunekin, basoa eskuan, giro ederrean egotea.
Arrazoiak edozein direlarik, argi dago poteoa ez dela gaur egun taberna batera sartu, egon eta atera beste taberna batera sartzeko. Kaleak ere badu bere lekua poteoaren jardueran, gero eta gehiago, neguan eta udan. Bada aldaketa esanguratsua gure ohituretan.
Gazteagoa nintzenetik hona giroa galdu du hiriak astegunetan, gero eta europarragoak gara orduei begira: lehen astearte edo ostegun batean, gaueko hamarretan, alde zaharrean bazegoen giroan ibiltzerik. Gaur egun ez dago honelakorik, baina, trukean, ohitura berriak zabaldu zaizkigu, kaletarrago bihurtzen gaituztenak, Gasteiz hotz honen giroa berotzen dutenak.
Josean Buenoren bloga: KLARIONEZ ZIKIN