Edizio berezi honek ohikoa baino egun bat gehiago izango du: abenduaren 4tik 8ra ospatuko da, eta, azken urteetan bezala, hainbat gunetan banatuta egongo da: Areto Nagusia, Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea, Saguganbara, Plateruena eta Azoka TB. Landako Gunea izango da Azokaren bihotza, baina beste urte batez, Azoka Durango osora zabalduko da, guneen bidez.
"XXI. mendeko Euskadik XXI. mendeko Azoka behar du". Hala baieztatu zuen, prentsaurrekoan, Cristina Uriarte Kultura sailburuak, Azoka gure kulturaren ispilua dela azpimarratuz. Norabide horretan, Azokak bere burua eguneratzen jakin duela nabarmendu du Uriartek.
50. edizioa esanguratsua izango da Durangoko Azokarentzat. Hala azpimarratu zuen Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak. Eta bere helburua, honakoa: urteurrena ospakizun bihurtzea, erakunde, kulturgile eta euskal herritarrekin batera. 50. urteurren honetan Azokak atzera begirakoa egingo du, baina hurrengo 50 urteetan begirada jarriz, datozen 50 urteetako historia idatzi nahi duelako.
50. edizioko kartela, Zumetaren eskutik
Aurtengo edizioko kartela iragartzeko, Durangoko Azokak Euskal Herriko margolari ezagun baten artelana izango du: Jose Luis Zumeta usurbildarra izango da egilea, Euskal Herriko artista esanguratsuenetako bat.
Margolariak azaldu duenez, ilusio handiz jaso zuen Durangoko Azokaren eskaria: "Ilusio handia egin zidan eskaria jaso nuenean, Azoka oso garrantzitsua baita euskal kulturarentzat, eta baita arte plastikoentzat ere. Ez nuen espero horrelako eskari bat jasotzea, eta motibazio handiarekin egin dut".
Zumetarentzat, berezia izan da Azokako kartela egitea, are gehiago 50. urteurrena izanda: "Azokak gero eta indar gehiago dauka, gero eta hobeto antolatzen da, gero eta oihartzun zabalagoa du... Berezia izan da niretzat lan hau egitea".
Kartelari dagokionez, margolariak adierazi du kartelak hartu duen forma modu estuan lotuta dagoela artista bezala bizi duen momentuarekin. Modu naturalean irten zitzaion kartela egiteko ideia: "Burutazioa azkar sortu zitzaidan. Hasieran ez nuen ideia zehatzik, baina segituan hartu zuen giro bat: atsegina, deigarria, ederra... Jendea erakartzeko helburuarekin egin dut".
Azokaren historia, liburu batean
Azokak 50. urteurrena ospatuko du aurten, eta bere historiari errepasoa eginez, liburua kaleratuko du Azokako egunetan. Jesus Maria Arruabarrena eta Joseba Sarrionandiaren artean idatzi dute.
Azokaren 50 urteen bilduma osatu du lehenak, datu, gertaera eta testigantzekin. Bigarrenak, azken 50 urteetako euskal kulturgintzaren garaian garaiko kontakizun pertsonala egin testuinguru lokala eta globala uztartuz. Distantziak ematen dion perspektibatik, eta ia azoka guztietan presentzia izan duenaren gertutasunetik.
Argizaiola Saria, sortzaileentzat
Azokak atzera begirakoa egingo du liburuarekin, eta baita Argizaiola Sariekin ere. Aurtengoa Gerediaga elkartearen eta, horrenbestez, Durangoko Azokaren sortzaileek jasoko dute.
Informazioa eta irudiak: Durangoko Azoka