Hamabigarren edizioa datorren urriaren 28an hasiko da (asteazkena), eta hilabetez luzatuko da, azaroaren 30era arte. Guztira, hamazortzi hitzordu lotu dituzte bertako eta kanpotik etorritako musikagile, soinu laborategi eta esperimentazio estudioekin, Gasteizko Sinkro espazioko kideek antolatuta.Hainbat agertoki hartuko ditu jaialdiak aurten ere: Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioa, Luis Aranburu musika eskola eta Arabako Arte Ederren museoa, bai eta Artium arte garaikiderako zentroa ere. Bertan abiatuko da hain zuzen ere egitaraua, datorren asteazkenean Turukutupa musika eta antzerki konpainia gasteiztarraren Basuromio instalazioarekin.
Bertako talentua
Gasteizko hainbat musikari eta sortzaile entzutetsuk hartuko dute parte jaialdian, tartean Alfonso Gomez pianojole ospetsuak, Zuriñe F. Gerenabarrena konpositoreak, Ensemble Sinkro taldeak eta Kontserbatorioko ikasleek osatutako Guridi Garaikidea ekimenak.
Hiru arlotan antolatu dituzte emanaldiak: Sinkro espazioa, teknologia berriekin lotuta; Musikari Gazteak, gazteenen interpretazioekin; eta Concert Series, bakarlarien eskutik. Jaialdian gaur egungo konpositoreen hogei lan baino gehiago estreinatuko dituzte. Egitarau osoa Bernaola Festival atarian ezagutu daiteke, www.bernaolafestival.com.
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA
Argazkia: Bernaola jaialdia