Kike Amonarriz, telebista aurkezlea eta soziolinguista: "Gasteiz leku pribilegiatu bat da euskalki berri baten sorkuntza aztertzeko"

hirinet 2015ko urr. 26a, 01:00

Publikoaren nahiz kazetarien galderak erantzun zituen pasa den ostiralean Kike Amonarrizek (Tolosa, 1961), telebista aurkezle eta soziolinguistak, Alea, Hirinet eta Oihaneder Euskararen Etxeak elkarlanean antolatutako Solasalean saioan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zein izango da euskararen etorkizuna?

Ulertzen dudanarengatik, hizkuntzak kuantitatiboki aurrera egingo badu ezinbestean kualitatiboki zer edo zer galduko du. Horrek ez du esan nahi, inondik inora, automatikoki eta sistematikoki esan indarra bilatu nahi dugun guztietan erdaratara jo beharko dugunik. Horrek esan nahi du, aktibatu behar ditugula mekanismo batzuk hizkuntzarekin jolasteko, hizkuntza sortzeko, boligrafo gorrietatik kanpo, Euskaltzaindiaren arauetatik kanpo, eta beste espektatiba batzuekin. Hori da erabiltzen diren hizkuntzekin gertatzen dena. Oso ikuspegi murritza eta estua izan dugu askotan, gehiegitan; zer den zuzena eta zer ez den zuzena. Eta hizkuntza sormenari ate asko itxi dizkiogu. Horregatik, beharbada, ez da argot askorik ere sortu azkenbolada honetan eta uste dut hori guztia baliatu behar dugula. Gasteiz izan daiteke horretarako esperimentazio leku oso ona, eta da. Hitzaldiak ematera etorri izan naizenean, hemen material oso ona jaso dut, besteakbeste konplexu gutxiagorekin sortutako materiala zelako. "Kontrabandista linguistiko" asko dago Gasteizen, alde batetik hartu eta bestetik kentzen duena, eta hori ona da. Alde horretatik, iruditzen zait, Gasteiz ere badela esperimentazio leku bat. Gainera bentaja bat daukazue, kenduta "jan, lo", inork ezin du esan hori hemen ez zela esaten. Tolosan hori esaten dizute, “hori Tolosan ez da inoiz esan”.

 

Nola erdietsi gazteek, gune erdaldunetan bizi direnek bereziki, euskara arrotz senti ez dezaten eta euskarara hurbildu daitezen?

Hasteko, maitasunez; eta gero ez bereiztea, hasieratik nahastea, bat izan behar dute besteekin. Hor daude klabe batzuk, baina euskara maitatzeko, erabili behar duzu, ezagutu behar duzu, sentitu behar duzu. Azken 30 urteotako ibilbideak zerbait erakusten baldin badigu eta erakutsi digu oso garbi, izan da eskola ezinbestekoa dela baino ez dela nahikoa. Esaldi horretan laburbiltzen da egoera eta Gasteiz bezalako leku batean, are gehiago. Guraso erdaldunei emandako hitzaldietan beti esan izan diet: “Tenéis que conseguir que vuestros hijos y vustras hijas realicen alguna actividad en euskera que les guste a ellos, no a vosotros”. Hemen bertso eskoletan lortu da. Manex Agirrek egindako azterketak, esate baterako, hori erakutsi du: ingurumen bat gustuko jarduera batean non euskaraz jardungo duzun modu natural batean. Hori behar da Gasteiz bezalako herri batean, harreman natural bat. Desakonplejatu eta harrotu behar da, harrotasunez bizi hizkuntzaren konkista hori. Boligrafo gorriak kentzea. Oso desberdina da zuk menperatzen ez duzun hizkuntza batean jendeak barre egitea edo deskojonatzea. Lehenengoa normala da, onartu behar da. Bigarren kasuan, "biolentzia fisikoa" nik onartzen dut.

 

Zer egin euskara 'salbatzeko'?

Hiru klabe daude; gizartearen atxikimendu eta aktibazio soziala handitu, administrazioaren eta eragile politikoen inplikazioa areagotu eta bi horien artean ahalik eta adostasun eta elkarlan handiena lortu. Maila indibidualera jaitsita, konpromiso pertsonalak lortu behar ditugula uste dut. Ezin dugu ahaztu, hemendik aurrera belaunaldi bakoitzak erabakiko duela euskara transmitituko duen ala ez, erabiliko duen ala ez. Hurrengo belaunaldia eleaniztuna izango da, jakingo ditu, gutxiago edo gehiago, okerrago edo hobeto, hiru hizkuntza eta erabaki beharko du momentu eta espazio bakoitzean zein hizkuntza erabili. Horregatik, garrantzitsua da euskararen aldeko hautu hori erraztuko duten eta bermatuko duten guneak eta eremuak izatea; horregatik dira garrantzitsuak euskararen aldeko politika proaktiboak.

 

Zein da Gasteizen eman den euskararen bilakaeraren inguruan egiten duzun irakurketa?

Iruditzen zait Gasteizen dagoen dinamika soziala indartsua dela eta oso interesgarria, gainera. Hemen sortzen ari den giroa desberdina da, propioa. Gasteizen, eta Araban oro har ere, badago nortasun eraikuntza berri bat eta nortasun berri horren eraikuntzan euskarak badu bere garrantzia. Gasteiz leku pribilegiatu bat da euskalki berri baten sorkuntza nolakoa izan daitekeen jakiteko. Gasteizen euskaraz egiten bada, Gasteizeko euskara zabaltzen joango da eta hemendik hamar urtetara hamabost urte izango dituzten gazteek izango duten euskara XXI. mendeko Gasteizeko euskalki berriaren lehen eredua izango da. Ez dakit nolakoa  izango den baina aurreikuspen batzuk egin daitezke. Eklektikoagoa izango da, batutik gertuago egongo da, erdararen eragin gehiago izango du, baina izango ditu pieza batzuk bizkaieratik hartuta, Goierriko euskararen aztarnatxo batzuk ere sumatuko zaizkio… Alde horretatik, mundu mailako esperimentu linguistikoa bihurtzen ari da Gasteiz.

 

 

Egilea: A. Alvarez. Arabako ALEA.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide