Erdarazko komunikabideen omnipresentziaren ondorio da –klasiko batekin hastearren–; munduaren berri erdaraz ematen diguten egunkari eta telebisten inbasioarena. Inolaz ez da munduaren berri izateko erdarazko periodikoak –soilik– erosten tematzen diren euskaldun petoen kulpa. Francoren garaiko hezkuntza zurrun espainolaren ondorio tamalgarria ere bada. Guri, XXI. mendeko ikastoletako seme-alaboi, literatur klasiko landuak irakurrarazten zizkiguten DBHn Gaztelania ikasgaian, eta Euskaran, aldiz, nerabeen lehen mozkorrei eta ligeei buruzko liburuxkak, euskara oinarri-oinarrizkoan idatziak, inor ez uxatzeko-edo. Baina ez da horren ondorioa, baita zera ere. Han-hemengo kartelak euskaratzeko Google Translate baliatzen duten enpresen errua da, eta ez liburu ederki euskaratuak sekula santan leitzen ez dituzten irakurzale finena.
Juan Garzia Garmendia itzultzaileak –zeinari, bide batez esanda, Euskadi saria eman dioten berriki, Shakespeareren sonetoak maisuki euskaratzeagatik– honela esan zuen ez oso aspaldi, 111 Akademian egin zioten elkarrizketa batean: "Alemanez, Shakespeareren sonetoen itzulpenak bertako literatura dira. Gurean, Axularrenak itzulpenak dira".
Erdarak bortxaz geuretuarazten dizkigutela kexatzen baikara, euskara guk geuk eta inoren laguntzarik gabe arrozten dugula ahaztuta.