Edozeinek pentsa dezake, noski, ez dagoela ikusi nahi ez duena baino itsu itsuagorik. Baina batzuetan, aizue, nahi izatearen bideak hain dira bihurri eta bihurgunetsuak! Nolanahi ere den, hemen eta orain axola duena hori da: kito esan genuela askok, edo ez gutxik behintzat, pentsa litekeena baino gehiagok seguru.
Mundu hau ez da posible esan genuen, eta gutako azkarrenek, ameslarienek edo malabaristenek, auskalo, laster zuzendu zituzten gure hitzak: beste mundu bat posible dela egin zuten aldarri.
Irudipena dut ez ote ginen gehiegi isildu (eta bai, edozeinek pentsa dezake, noski, ez dagoela hitzik egin nahi ez duen mutua baino mutuagorik), ez dagoen beste mundu baten esperantza antzura kondenatu gintuztenen aurrean. Mundu bakarra dugulako, eta, izatekotan, mundu hau beste modu batera izango baita posible.
Geroztik, aho-begiak zabal-zabalik paseatzen gara, itxaropen etengabe berrituekin: gaur Alternatiben Herri dena izango ahal da bihar Herri, holaxe, izen-abizenik gabe, soil eta sinple. Ez dago beste alternatibarik.
Egilea: Mikel Ayllon, idazlea. Arabako ALEA.