Igone Mtz. De Luna, Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua: "Arabako herrien arteko kultura harremanak indartu nahi ditugu"

hirinet 2015ko urr. 23a, 02:00

Kargua hartu zuenetik eskaini duen lehenengo elkarrizketan, Diaz Olano eta Amarica margolari arabarren idiak eta paisaiak ditu zelatan, Arabako Arte Ederren Museoan alearekin egin duen hitzorduan. Dulantziko oposizioko zinegotzi izateaz gain, Arabako Euskara, Kultura eta Kirol saileko ardura hartu zuen uztailean Igone Martinez de Luna Unanuek (Gasteiz, 1966). Datozen lau urteotan garatuko duen kultur plan berriarekin, kuadrillen artean "oreka" lortu nahi du.

 

Nolako egoera aurkitu zenuen kargua hartzerakoan?

Harrigarria. Zubiak apurtuta zeuden, bai langileekin baita kultur eragile gehienekin ere. Gure lehenengo lana, beraz, zubi horiek berreraikitzea izan da.

 

Eragile horien artean osatu berri den Arabako kulturaren mahaia dago. Harremanik al duzue? Kultur arloan 'utzikeria' salatu dute...

Ofizialki ez dugu harremanik izan, oraindik osatze prozesuan daudelako, baina pertsonalki pare bat ekitalditan egon naiz, eta nahi dutenean biltzeko prest agertu naiz.

 

Ekimen positiboa iruditzen zaizu?

Oso positiboa. Araba mailan, kultura plan bat garatzea izango da Diputazioaren ildo nagusietako bat, eta haiek ere zeresan handia izango dute horretan.

 

Zer zutabe  izango ditu kultura plan horrek?

Lehenik eta behin, ondo aztertu behar dugu herri bakoitzean zer talde ari diren kultura arloan lanean, eta zer ekimen dituzten. Ondoren, herrietan zer azpiegitura dauden eta zer erabilera ematen zaien zehaztu behar dugu. Diagnostiko hori egin eta gero, Araban zer eredu nahi dugun eztabaidatu beharko dugu, ondoren plana abiatzeko.

 

Zuk zer kultura eredu proposatzen duzu?

Niretzat beharrezkoa da Arabako herri guztien arteko berdintasuna bermatzea eta lurralde osoan oreka egotea: hau da, nonahi bizi garela ere, arabarrok kalitatezko kulturzerbitzua izatea.

 

Nolakoa da gaur egun herrietako egoera? Adibidez, bizi zaren herrian, Dulantzin.

Sorkuntza aldetik ezer gutxi daukagu herrian, eta eskaintza aldetik ere. Badira Araban eskaintza handiagoa duten herriak, baina ez da errealitate orokorra; kezkagarria da. 

 

Nola eman nahi diozue buelta horri?

Kultura planarekin, eta Kuadrilletako eta udaletako kultura teknikariekin batera, haiek ezinbestekoak direlako herrietan kultura ekimenak  gauzatzeko. Interesgarria litzateke, esaterako, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia eta Jazzaldia Gasteiztik kanpo ere eramatea, Araban lurralde oreka bilatuz. Horretarako lan egingo dugu. 

 

Herriak Gasteiztik hain gertu egonda?

Amurrio edo Bernedo Gasteiztik gertu daude?

 

Lurralde oreka hori bilatuz, Arabako Kuadrillen ibilbidea egiteko asmoa iragarri duzu Diputazioan. Zer izango da?

Arabako herrien eskaintza lurralde osoan ezagutarazi nahi dugu. Alegia,  sare bat josi nahi dugu, Lautadan jakin dezaten Aiaraldean zer talde dauden eta zer egiten ari diren, eta alderantziz. Modu horretan, Kuadrilla bakoitzean besteetan zer egiten duten jakingo dute, eta horrek elkarlanerako aukerak zabalduko ditu.

 

Bi proiektu garrantzitsu daude Araban; Añana gatz harana eta Arabako errioxako paisaia, biak Unescoren ondare izendatzeko egitasmoekin.

Gatz haranaren fundazioaren patronatuarekin hitz egin eta gero, proiektuari bueltatxo bat eman nahi diogu, ingurumen ikuspuntua bultzatuz, Arabako motore estrategiko bat delako. Ez dakigu oraindik Unescorako proposamenik egingo dugun ala ez, hori lan luzea izango da.

 

Eta Errioxakoa?

Jaurlaritza ari da  horretan lanean.

 

Zure lehenengo neurria foru sareko museoak dohainik eskaintzea izan da, maiatzetik aurrera. Zer beste neurri aurreikusten dituzue museoen planean?

Gure museoek ondare funts handia dute, baina ez dira ezagunak, eta beraz horiek ezagutaraztea izango da abiapuntua, sare sozialen erabilera indartuz.

 

Doakotasunak jendea erakarrik du?

Espero dezagun. Aurreko gobernuarekin doan izateari utzi ziotenean, nabarmen jaitsi zen bisitari kopurua. Gutxienez, ez dezagun sarrera oztopatu.

 

Oinarri kultura eta kultura alternatiboa sustatzeko asmorik baduzue?

Elkarlana eta akordioak izango dira kultura planaren ardatzak; beraz, ekimen eta kolektibo guztiek izango dute parte hartzeko aukera. 

 

Azpiegitura aldetik, zer iruditzen zaizu Krean arte eta diseinu campusa ezartzeko asmoa?

Diru publiko asko erabili zen Krea eraikitzeko, eta pena bat izan zen gero itxita geratzea. Unibertsitate ikasketa batzuk kokatzeko aukera dago, eta printzipioz baikorrak gara.

 

Interes publikoa bermatuko da?

Ez  dut ezagutzen unibertsitatearen egitasmoa, baina printzipioz bertako espazioa guztiontzat erabilgarria izan beharko litzateke.

 

Sancho El Sabio fundazioa dago Krearen gunean; kezkarik adierazi al dizuete campus berria dela eta?

Ez dut halakorik entzun.

 

Natur zientzietako museoan aldaketak egin nahi dituzue. Zeintzuk?

Museo horretan dauzkagun funtsak apartekoak dira Euskal Herri mailan eta, beraz, museo horren definizioa egitea da gure lehentasunetako bat. Horretarako, lantalde bat eratu dugu Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Jaurlaritzako Kultura eta Ingurumen sailek.

 

Lekuz aldatu nahi duzue ere. Nora?

Udalak eskainita, lekuren bat bisitatu dugu, baina lehenengo museoaren eginkizuna definitu behar dugu, eta ondoren egoitza aukeratu.

 

Eta Otxanda dorrean, zer?

Oraindik ez zaigu eskaririk heldu.

 

Arte eta Lanbide eskola ataka zailean dago ere. Zer etorkizun duzue harentzat?

Bere bideragarritasuna bermatzeko lantaldea osatuko dugu. Eskolaren eskaintza gizartearen eskariarekin bat ote datorren aztertu beharko dugu. Eraikinaren egoera kaxkarra, ekipamendua eta langileen baldintzak ere aztertu beharko ditugu. Hausnarketa serioa egin behar dugu Udalarekin batera, eta ondoren bideragarritasun plana diseinatu.

 

Eskaintza egokitzeaz ari zarenean, zer esan nahi duzu? Ikastaro gehiago, gutxiago, ezberdinak...?

Arte eta Lanbide Eskolako eta Gasteizko gizarte etxeetako eskaintza osagarri izateaz ari naiz. 

 

Euskara arloan, zer asmo duzue?

Euskararen erabilera sustatzea da gure erronka. Jakinik gazteria dela euskaraz gehien dakiena, haiei begira izango dira egitasmo nagusiak.

 

Orain arte, neurri zehatzik hartu duzue?

Oraindik ez. Aurrekontuaren arabera erabakiko ditugu.

 

Trebiñun, Argantzon ikastolak babes handiagoa eskatu du. Zortzigarren kuadrillan, nola bultzatuko duzue euskara?

Zortzigarren kuadrilla da guretzat, eta bertako euskara teknikaria finantzatzen dugu. Seguruenik gauza gehiago egin daitezke, baina oraingoz esandakoan gaude.

 

Euskararekin lotuta, Iruña Veleiaren auzia dago. Auzitegietara mugatuko den gai bat da, ala politikoki ere jorratu beharrekoa?

Oraindik instrukzio fasea ez da amaitu, eta horren zain gaude. Errespetatzen ditut aurreko diputatuek emandako pausoak.

 

SOS Veleia taldeak bestelako ikerketa batzuk eskatzen ditu.

Bildu gara haiekin, baina guk ez ditugu egoki ikusten haiek egiten dizkiguten eskakizunak.

 

Sorkuntza garaikideko zentro garrantzitsua izango da Donostiako Tabakalera. Zein izango da orduan Artiumen lekua?

Osagarriak izan behar dira. Leku bila dabiltzan sortzaile asko dauzkagu.

 

Artiumek aldaketarik egin beharko du?

Gasteizko, Arabako eta Euskadiko herritarrekin eta artistekin sintonizatu behar du Artiumek. Plan estrategiko berrian landu beharreko ildoa da.

 

Donostia 2016 egitasmoak zer nolako eragina izango du Araban?

Gure laguntza eskaini diogu Donostiari, eta Artium ere haiekin elkarlanean ari da erakusketaren bat antolatzeko.

 

Kirolean eskola kirola indartu nahi duzuela iragarri duzue.

Eskola kirolako hezitzaileen formazioa bultzatu nahi dugu, emakumezkoen kirola sustatu eta herri kirolak ezagutarazi eta prestigioa eman, baztertuta egon direlako.

 

Epe motzean, zertan jarriko duzu indarra?

Aurrekontuak onartzeko lan egiten ari gara.

 

Murrizketarik gabekoak?

Murrizketarik gabekoak. Bestalde, kultura planaren oinarriak jarri nahi ditugu, eta euskararen erabilera bultzatzeko lehenengo neurriak zehaztu.

 

 

 

Igone Martinez de Luna, gertutik

 

Gobernuan ala oposizioa nahiago?

Berdin zait, bakoitzak bere lana egin behar du dagokion tokian.

 

Noiz ikasi zenuen euskaraz?

Euskaldun zaharra naiz, amak erakutsi zidan. Lasturrekoa zen [Gipuzkoa].

 

'Berbalaguna', zuretzat...

Hainbat emakume eta lagunekin egoteko aukera ederra da, asteazkenero Dulantziko Triki-Trago tabernan.

 

Arabako zure museorik gogokoena.

Arte Ederretako Museoa. Zoragarria iruditzen zait.

 

Liburu bat.

Arrainak ura baino, Hasier Etxeberriarena.

 

Gasteiztik Dulantzira, zergatik?

Ezkontzerakoan joan nintzen, duela 18 urte. Herri lasaia eta erosoa da bizitzeko.

 

Ikusi duzun azken antzerkia?

Araiako umore antzerkiaren jaialdian, Txortasek zuzendua [Javier Alkorta].

 

Jazzaldia edo Azkena Rock?

Jazzaldian birritan egon naiz, baina Azkena Rocken sekula ere ez.

 

Arabako txoko bat.

Seguruenik Gasteizko alde zaharra.

 

Egileak: Itsaso Estarrona eta Anakoz Amenabar. Arabako ALEA.

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago