Zuhaitzetako egurra energia iturri gisa erabiltzea helburu

hirinet 2015ko urr. 27a, 01:00

Zuhaitzetako egurra energia iturri gisa erabiltzea: hori da Arabako gero eta herri gehiagoren helburua. Biomasa proiektuak oinarri, dirua aurrezteaz gain eredu jasangarriagoa ezartzea dute iparrorratz.

Sutondoen bertsio modernoa da biomasa: materia organikoa energia iturri gisa erabiltzea, alegia. Araban, hainbat dira zuhaitzetako egurra baliatzearen aldeko apustua egiten ari diren herriak. Okina izan zen lehena pasa den urteko udaberrian, eta Sabando, Bernedo, Araia eta Kanpezu bezalako herrien urratsak jarraituz, Ozeta izango da aste honetan egur ezpalak erretzeko galdara martxan jartzen azkena.

 

 

Garai batean tximinian egiten zena egiteko modu aurreratua da biomasarena: "Bat-batean, pelleta modan jarri eta asko hitz egiten da horretaz, baina Arabako gure baserrietan, eta baita Gasteizko etxeetan ere, egurra izan da beti gure erregai nagusia; horren adibide da Arabako baso publikoetako egur zozketa edo 'suertea'". Hala azaldu du Iñaki Gerenabarrena ingeniariak, Eusko Jaurlaritzako Hazi fundazioan biomasa proiektuen arduradunak. Bai Hazi, bai Energiaren Euskal Erakundea (EEE, edo EVE, gazteleraz) elkarlanean aztertzen dituzte herrietan biomasa ezartzeko aukerak, 2020rako Euskadiko energia estrategiaren baitan aurreikusitako bero iturria den heinean. 

 

Merkeagoa eta jasangarriagoa

Elektrizitatea eta beroa sortzeko balio du biomasak, eta aukera biak baliatzen dituzte Frantzia, Alemania eta Ingalaterra bezalako zenbait herrialdetan. Araban, aldiz, beroa ekoizteko baino ez da erabiltzen, elektrizitate-autokontsumoa eragozten duelako Espainiako araudiak.

 

Edonola ere, "aukera ona" da herrientzat, Gerenabarrenak nabarmendu duenez: alde batetik, aurrezteko era bat da, egurra beste lehengai batzuk baino merkeagoa izaten delako, eta atzerritik ekarritako erregaien prezio gorabeherei ihes egiteko modu bat delako; bestetik, gasolioa eta gasa baino jasangarriagoa da, karbono dioxido gutxiago eragiten duelako eta horien aldean garraio-kutsadurarik eragiten ez duelako; eta, bukatzeko, Arabako basoak "osasuntsu" mantentzeko modu bat da ere, enborrak antolatuz eta sastrakak eta zuhaitz txikiak kenduz suteak eta hainbat gaixotasun saihestu daitezkeelako, kontuan hartuta derrigorrezkoa dela botatako zuhaitz batengatik beste bat landatzea.

 

Galdara batekin, hainbat eraikin

Ezaugarrien arabera, produktu ezberdinak erabili ohi dituzte biomasa erabiltzaileek: etxe txikietan, zerrautsa tratatuz lortzen diren 'pellet' zatiak kontsumitzen dira batez ere; baserri handietan, egur puskak; eta udaletako proiektuetan, egur ezpalak. Zehazki, district heating izeneko formula abiatu dute udal gehienek: hitz gutxitan, galdara batekin eraikin multzo oso bat berotzeko sistema. Hori da hain zuzen Barrundiako udalerriko Ozeta herriaren kasua.

 

Afro Olabe alkateak aleari azaldu dionez, datorren astetik aurrera hiru eraikin berotuko dituzte euren egur baliabideekin: haurreskola, udaletxe berria eta udaletxe zaharra. Pagoak, haritzak eta pinuak dituzte Elgeamendin, eta arteak Aldaia mendilerroan: "Horietako batzuk moztuta –70 tona gehienez urtean–, gure basoak garbituko ditugu, tamalez nahiko utzita daudelako". Bestalde, berogailu eta ur beroko fakturan 4.000-6.000 euro bitartean aurreztuko dutela jakinarazi du, gaur egun 12.000 eurokoa den ordainagirian. Alkatearen hitzetan, "aurrezteaz eta  gutxiago kutsatzeaz gain", lana ere sortuko dute udalerrian: "Barrundiako hiru enpresek egiten dute egurrarekin lan, eta horiei eskainiko diegu udalaren egurra kudeatzeko kontratua".

 

Guztira, 230.000 euro gastatu dituzte proiektuan, bere aurrekontuaren laurdena, Jaurlaritzako eta Europako diru-laguntzei esker ordaindua. Orain, inguruko herrietarako erreferentzia izan nahi du Ozetak, eta etorkizunari begira, herri osoa biomasa bidez berotzea dauka "ametsen" zerrendan, Aramaiora begira.

 

 

Aramaion, herri osoa

Anbizio handiko proiektua dute Arabako Aramaio herrian 2008az geroztik. Herrian burujabetza energetikoa lortzeko asmoz,  herriguneko etxe eta eraikin guztietara eraman nahi dute biomasarekin sortutako energia, bertan duten mila hektareako baso-azalera ustitatuta. Egitasmoarekin, hiru tona CO2 gutxiago isuri lezakete erregai fosilak darabiltzaten 200 etxebizitzetara biomasa eramanda, eta %40a aurreztuko lukete ordainagirian.

 

Dagoeneko auzokideen %80ak baietza eman du, eta, Lierni Altuna alkateak aleari azaldu dionez, laster abiatuko duten kanpainarekin %100aren oniritzia jasotzea espero dute. Bitartean, lan kronograma osatzeko fasean daude: "Diru-laguntzak lortu behar ditugu, eta lanak noiz eta nola egin zehaztu".  Hiru milioi euroko gastua aurreikusten dute, tutuak jartzeko herri osoa altxatu behar izango dutelako.

 

 

Okinan, aitzindari

Aramaiotik hegoaldera 50 kilometrora, Arabako Mendialdeako Okina herrian aitzindariak izan ziren biomasaren aldeko apustua eginez. Herrian obrak egin behar zituztela aprobetxatuz, biomasarako hodiak  ere jartzea erabaki zuten eta, egurra gordetzeko biltegia eraiki ondoren, bi galdara erosi eta herriko 15 familien etxeetara lotu zituzten. Iazko neguan, 300 tona egur erabili zituzten, eta Izki Landa Garapenerako Elkarteak aleari orduan jakinarazi zionez, %50 aurreztea lortu dute.Okinaren atzetik, hainbat herri igo dira biomasaren gurdira tamaina ezberdineko egitasmoekin, tartean Sabando, Bernedo, Kanpezu eta Araia. Amurrion ere district heating proiektua dute esku artean.

 

 

Gasteizen, Aragoiko egurra

Arabako hiriburuan, 2012an jarri zuten martxan lehen biomasa zentrala, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia kokatuta dagoen Olarizuko etxaldea berotzeko (CEA gazteleraz).  Ondoren, lau gizarte etxetan ezarri dute sistema bera: Ibaiondon, Iparralden, San Andresen eta Mendizorrotzako kirolgunean. Hiriak 90.0000 euro aurrezten baditu ere, emaitza hobeak lortu litzake bertako egurra erabiliko balu, gaur egun Aragoin erosten baitu. Horretarako, Gasteizko Mendiek eskainitako aukerak aztertzen ari da Hazi fundazioa.

 

Behin ikerketa bukatuta, Udalak erabaki beharko du bertako egurra edo Pirinioetan erositakoa erabili. Izan ere, biomasa hiriko beste bazter batzuetan ezartzeko aukerak aztertuko ditu, tartean datorren urtean zaharberrituko duten Koroatze auzoan.

 

"Inoiz baino egur gehiago dugu"

 

Araban, eta Euskadin oro har, egurra da daukagun lehengai bakarra gaur egun, eta gero eta gehiago dugu; azken laurehun urteotan, ez dugu inoiz horrenbeste zurgai izan". Halaxe biribildu du egoera Eusko Jaurlaritzako Hazi Fundazioko Iñaki Gerenabarrena ingeniari eta biomasa proiektuetako arduradunak.

 

Basoek bere dinamika propioa dutela azaldu du Gerenabarrenak: "Gizakiok hemen ez bageunde, basoak berak orekatuko luke bere produkzioa, gaixotasunen bidez eta berezko suteekin; baina, guretzat zorionez, hemen gaude gizakiok, eta basoaren dinamikaren parte bilakatu gara; basoak domestikatu egin ditugu, eta horiek zaintzeko ardura dugu orain".

 

 

Nekazaritzaren gainbehera

Azken mende erdian bizimoduan eta gizartean gertatutako aldaketen eraginez zabaldu da basoen azalera. Gero eta pinu gehiago daudenaren iritzia orokortu bada ere, alderantzizkoa gertatzen ari da Araban eta Euskal Herrian, Gerenabarrenak azaldu duenez: koniferen hektareak  murriztu egin dira, eta zuhaitz hostotsuena handitu. Dagoeneko ez dago basoen gaineko hainbeste presiorik, mendietan gero eta ganadu gutxiago dago, nekazaritzak behera egin du, luberri batzuk dagoeneko ez dira erabiltzen, eta gero eta herritar gutxiagok parte hartzen du baserria berotzeko egur zozketan. Basoa tokia hartzen joan den heinean, sasiak, zuhaixkak, enbor txikiak eta txirpiak ere ugaritu egin dira eta, ondorioz, epidemia eta sute arriskua ere handituz joan da.

 

 

 

Gasteizko basoetan, sasiak

"Lehen, gure arbasoek txirpiak eta sastrakak 'kimatu' egiten zituzten, nolabait esatearren, baina gaur egun inork ez du lan hori egiten, eta beharrezkoa da". Badaia mendilerroan, Gasteizko Mendietan, eta Legarda Foronda eta Apodakaraino dauden artadi eta erkametzetan, besteak beste, "komenigarria litzateke atontze lanak egitea". "Enbor beretik sortzen diren sei-zazpi enbor txiki  kenduko bagenitu, adibidez, gure ilobek zuhaitz sendo eta baso ederrak izango lituzkete, eta guk bitartean egur hori baliatuko genuke, biomasa proiektuetarako".

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago