Picassoren ‘Suite Vollard’ bilduma ikusgai Vital Kutxa Fundazioa aretoan

hirinet 2015ko urr. 22a, 02:00

Posta kalean kokatzen den Vital Kutxa Fundazioa aretoak Pablo Picassoren ‘Suite Vollard’ bilduma ipini du ikusgai. Malagako artistak 1930 eta 1937 bitartean egindako ehun grabatuko sail bat da, grabatugintza garaikideko obrarik garrantzitsuentzat jotzen direnak, hain zuzen ere.

 

Pablo Picasso Artearen Historiako marrazkilari nabarmenenetako bat da eta grabatuaren arloan 2.000 lan baino gehiago egin zituen. Horrek grabatu-generoaren garai guztietako ordezkari nagusietako bat egiten du, Durero, Rembrandt eta Goyaren mailan kokatuz. Haren lanaren zati bat Gasteizen ikusi ahalko da Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak ekarritako erakusketa honi esker.  Marisa Oropesa eta Fernando Martínez de Viñaspre izan dira arduradunak.

 

‘Suite Vollard’ Pablo Picassoren lan gorenetako bat da; 1930eko iraila eta 1937ko martxoa bitartean ekoitzi zen eta bereziki deigarri egiten da grabatu-sail batek arte-merkatari baten izena eramatea. Baina Ambroise Vollard joan den mendeko París hartako funtsezko pertsonaia bat izan zen. Enigmatikoa zen eta, are mistizismotik ere nahikoa hurbil zegoena. Pertsonaia bitxi hark izaera gogorra zuen eta bezeroak nolabaiteko despotismoz tratatzen zituen. Jatorri kriollokoa izaki, Reunion baitzuen jaioterri, halako jite exotiko bat zuen eta artista baten lana gustatzen zitzaionean ez zuen zalantzarik izaten bilduma osoa zuzenean erosteko.

 

Vollard beti eta bereziki erakarri izan du artistek irudiztatutako liburuen sorkuntzak, nabarmengarri delarik haren lana argitaratzaile gisa. Egia esan, Picassok ez zuen interes handirik sail hori egiteko, baina haren bildumagile-grinak iritziz aldarazi zion. Vollard negoziatzaile handia zen eta bazekien nola motibatu Picasso, iritziz aldatu zedin eta beraren proposamena onartu zezan. Cézanne eta Renoiren artelan zenbaiten truke Picassok onartu egin zuen tratua eta gaur egun ‘Suite Vollard’ izenarekin ezagutzen dugun hori egiteko konpromisoa hartu zuen. Merkatariaren eta artistaren arteko adiskidetasun- eta lan-harremana etenkakoa izan zen, Vollard-ek trafiko-istripu baten ondorioz izandako heriotza tragikoarekin iraungiko zelarik.

 

Lan honetan Picassoren maisutzak distira egiten du teknika desberdinak erabiltzen dituenean, hala nola, akuafortea, punta lehorra edo urtinta.

 

Non? Vital Kutxaren Fundazioa aretoan (Posta kalean)

Noiz? Azaroaren 29ra arte. Ordutegia: 18:00etatik 20:30era (astelehenetik-larunbatera) eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era (igande eta jaiegunetan)

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago