Salburuko bizilagunek, ordea, argi daukate eta tranbia nahi dutela iragarri dute, Salburua Burdinbide auzo elkartearen sare sozialen bitartez. "Tranbia nahi dugu, hori baita esan zigutena eta gainera, funtzionatuko duela konprobatuta dago". Halarik ere, gaurko bilerara joango direla adierazi dute baita bertan aurkezten diren aukera guztiak entzungo dituztela ere.
Gaurko bilera auzoko gizarte etxe berrian ospatuko da eta paradoxikoki, atzo udal ekipamendu honen egoera kaskarra dela salatu zuen auzo elkarteak. "Ekipamendu eskasa izateaz aparte, eraikuntzak ez ditu ezinduentzako sarrera egokiak, ez du errespetatzen eraikuntzen kode teknikoak ezartzen duen energiaren kontrol eta eraginkortasunaren atala eta airea girotzeko gailuek zarata gehiegi ateratzen dute". Gainera, eraikuntzan kalitate baxuzko materialak erabiltzearen ondorioz, hainbat ekintza bertan behera utzi behar izan dira itoginak zeudelako. Honek guztiak "auzoaren irudia kaltetzen" duela uste du auzo elkarteak.
Gauzak horrela, auzokideek Gasteizko Udalari konponbide bat eskatu nahi dio Salburua gizarte etxeak dituen arazo guztiak konpontzeko, "eraikina denbora batez publikoari itxita egon behar baldin bada ere".