Hezkuntza propioaren aldeko deialdi nazionalean parte hartzeko deia egin du Gasteizko Gure Hezkuntza plataformak

hirinet 2015ko urr. 19a, 02:00

Agerraldia egin zuen Gasteizko Gure Hezkuntza plataformak iragan larunbatean. Plaza Berrian gauzatu zen agerraldi jendetsuan plataformako kideak ez ezik, zenbait gurasok ere hartu zuen parte, beren seme-alabekin.

Euskal Herriko hainbat txokotan egiten ari den bezala, Gasteizen ere “gure hezkuntzaren alde aktibatzeko” deia egin zuten. Zentzu horretan, azaroaren 28an mobilizazio nazionala iragarri zuten, baita hezkuntza komunitate osoa zein gainontzeko herritarrak parte hartzeko animatu ere.

 

Ikasturte berria hasi dela eta “tamalez” euskal hezkuntzarentzat berri askorik ez dagoela azaldu zuten plataformako kideek. “Badakigu LOMCE gure ikastetxeetan erabat sartuta dagoela. Nahiz eta lege inposatu horren atal batzuk atzeratu edota zalantzetan jarraitzen duten”, gaineratu zuten.

 

Hori dela eta, hurrengoa jakinarazi zuten: “kaleak hartu eta inongo inposaketarik onartuko ez dugula argi eta garbi esaten jarraituko dugu. Ez dugu LOMCE nahi eta ez dugu momentuz LOMCE aplikatzen duen Heziberri-rik nahi ere. Guk Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propioa nahi dugu. Egungo eredu arrotza gainditu eta gure hezkuntzaren gaineko erabakiak guk geuk hartu nahi ditugu, gure ikastetxe eta herrietatik”.

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago