Ekaitz Lotina eta Saioa Urizar, Argantzon ikastolako zuzendariak: “Ikastola babes faltan dago”

hirinet 2015ko urr. 19a, 02:00

Urriaren 27an 12 urte beteko dira Argantzon ikastolako ateak zabaldu zirela. Ikastetxearen ibilbideaz eta euskararen egoeraz berba egin dute ikastolako zuzendariek.

Nola gogoratzen duzue ikastolaren hasiera?

Ilusio handiarekin. Ordura arte nahiko ezezaguna zitzaigun Trebiñu. Dena zegoen egiteke, proiektuari forma eman, jendeari ezagutarazi eta familiak bilatu, azpiegiturak prestatu, ardurak definitu... Udala eta Ikastolen Elkartearen babesa geneukan baina lan gehien-gehiena gure esku egon zen. Lan eta ardura handia geneukala bagenekien baina pixkanaka forma ematen joan gintzaizkion.

 

Zenbat ume joan ziren lehen egun horretan?

Urtebete eta bi urteko 11 ikasle. Aurrerago beste hiru gehitu zitzaizkigun. Bi irakasle ginen orduan, eta 60 metro koadroko ikastola genuen. Azken urteetan, 0 eta 6 urte arteko 40 eta 50 ikasle artean dabiltza eta bost irakasle eta hezitzailek osatzen dugu irakaslegoa. Bestalde, badira 8 urte bigarren eraikina dugula; haurrak lauzpabost gelatan banatzeko aukera ematen du horrek, bai eta eguraldi eskasa dagoenean, jolasleku estalia izatekoa ere.

 

Nongoak dira ikasleak?

Argantzungo ikasle dezente ditugu baina badira ere Trebiñuko beste herrietakoak ere: Añastro, San Esteban, Burgeta… eta baita Araba "ofizialeko" herrietatik datozenak ere, Tuiutik, adibidez. Azkeneko urteetan Gasteiztik ere etorri zaizkigu; Mariturri eta Zabalgana auzoetatik.

 

Asko aldatu da garai hartako ikastola eta gaur egungoa?

Ikastolak betiko filosofia mantentzen du, baina handitu den neurrian badira zenbait gauza aldatu direnak ere. Gaur egun erreferentzia  gara inguruan; jendeak badaki Argantzunen ikastola dagoela. Bestalde, proiektua definituago dago, hezkuntza mailan, adibidez.

 

Euskararen bueltan, zer nolako eragina izan du ikastolak inguruan?

Orain dela bi urte Trebiñuko euskaldunen kopurua bikoiztu egin dela jakin zen Aldundiak egindako inkesta baten bitartez. Gure lehenbiziko belaunaldiko ikasleek 14 urte dituzte jadanik eta euskara hutsean ikasteak hizkuntzaren ezagutzan eragin zuzena izan du. Bestalde, ikastolaren inguruan euskararekin loturiko "komunitate" modukoa sortzen joan da, eta ikastolatik atera ondoren ere, euskararen alorra lantzen jarraitzeko interesa agertu duten familiak agertzen joan dira. Hor dago, esaterako, Txingoka elkartea.

 

Zeintzuk dira epe laburrera begirako erronkak?

Ikastola honek jaio zen egunetik duen arazoa konpontzea beharrezkoa dugu. Arazo ekonomiko larria dugu. Nekatu xamar gaude kontu honekin eta irtenbide azkarra aurkitzea nahi genuke. Urtero-urtero kontu berarekin egon behar ez izateko, irakasleek hilabetero beste edozein lekutan bezala soldatak jasotzeko eta ezjakintasun-zalantza-kezka girotik behin betiko aldentzeko premia handia dugu.

 

Horrek esan nahi du ez duzuela babes nahikorik, ezta?

Ikastolak ez du nahikoa babes erakundeen aldetik. Paperaren gainean edo adierazpenetan mundu guztia dago ikastolaren alde baina ateak ireki genituenetik 12 urte pasa direnean,  egoera ekonomikoarekin kolokan gabiltza beti. Egia da beti lagundu digutela eta egun ere, baina argi dago ez dela nahikoa. Horren bueltan, esan beharra dago Gaztela-Leondik ez dugula ezer espero; euskaldunak gara eta Euskal Herriari begira gaude, hortik etorriko zaigu konponbidea ikastola honetakoei. Bestalde, azpimarratzekoa da jendearen babesa hor dagoela. Orokorrean jendea pozik dago ikastola dagoelako. Horrelako errealitate batek bizia ematen dio inguruari eta zerbitzu  garrantzitsua  familiei, euskara hutsean gainera.

 

Epe luzerako erronkarik al duzue?

Bai. Familien eskaera historiko bati erantzuna eman nahiko genioke: hain justu, baldintza egokietan Lehen Hezkuntzan murgiltzea.

 

 

Egilea: Mirian Biteri. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago