Gaizka Toquero, futbolaria: “Jokalari sentitzen naiz berriro ere”

hirinet 2015ko urr. 16a, 02:00

Ligako kromoen bilduma egitetik bere aurpegia kromoetan ikustera saltoa eman zuen Gaizka Toquero gasteiztarrak Athleticeko kamiseta jantzi zuenean. Katedraletik Gloriosora heldu berria, talde txuri-urdinarekin berriro ere lehen mailan jokatzeko erronka du zerumugan.

 

Athleticen zazpi denboraldi jokatu eta gero, zer duzu oraindik lehoitik?

Dena, uste dut. Nire bizitzako urterik onenak izan dira Athleticekoak futbolari dagokionez. Ahaztezinak. Jokalari bezala hazi egin naiz,  pertsona itzelak ezagutu ditut eta lagun onak egin ere bai. Bertan egon izan naizen urteei esker naiz orain naizen jokalaria.

 

Katedralean idolo bihurtu zinen. Mendizorrotzan ere horren babestuta sentitzen al zara? Zer jasotzen duzu afiziotik?

Alavesen bigarren mailako afiziorik onena dugu. Lehen mailakoen artean ere, gutxik animatzen dute gureak bezainbeste. Futbol giro polita dago, bai zelaian baita hirian ere. Nabaritzen den zerbait da: lehen mailako taldea da, bigarrenean egon arren.

 

“Ari, ari, ari, Toquero Lehendakari”. “Ni Messi, ni Agüero, Gaizka Toquero”. Zer izan dira zuretzat kantu horiek? Oraindik kantatzen al dizkizute hemen?

Jendeak animatzeko eta laguntzeko kantatzen zidan, eta hori jokalariok asko baloratzen dugu. Gasteizen ez didate kantatu, baina oso maitatua sentitzen naiz ere; lehenengo bi hilabete t’erditan, primeran portatu izan da jendea nirekin. Zaleak oso garrantzitsuak dira guretzat.

 

Azken denboraldian txuri-gorriekin aulkia berotu zenuen. Gutxi jokatzetik asko jokatzera pasa zara. Nola bizi duzu aldaketa?

Jokatzeko entrenatzen dugu kirolariok. Hori da gure saria. Horregatik, azken bi urteetan gaizki samar pasa dut Athleticen, oso giro ona eta lagun onak eduki arren gutxi jokatu nuelako. Gasteizen titular bezala jokatu dut neurketa guztietan liga hasi zenetik, eta hori zen bilatzen nuena: berriz ere jokalari sentitzea. Poz-pozik nago Alavesen.

 

Lehenengo mailatik bigarren mailara pasatzerakoan, zer galdu eta irabazten da?

Galdu, nik ez dut ezer galdu. Azken finean, jokalari gehienok egin behar izaten dugun aldaketa bat da. Aurretik ere jokatu izan dut bigarren mailan, bigarren B mailan eta hirugarrenean. Sasoi bakoitzak bere berezitasunak ditu. Irabazi... agian erosotasuna, ez dudalako egunero Bilboraino joan behar. Edonola ere, ez nuke irabazi edo galdu kontu moduan planteatuko. Bizitzako momentu ezberdinak dira.

 

Lehenengo mailan hasi zinenean, bigarrenean baino gol gehiago sartzen hasi zinen. Zerk pizten du barruan duzun goleatzailea?

Konfidantzak asko egiten du. Norbaitek zugan sinesten duenean eta gustura sentitzen zarenean, gauzak hobeto ateratzen zaizkizu. Niri hori gertatu zitzaidan: Joaquin Caparrosekin sartu nituen gol gehien lehenengo mailan; konfidantza zuen nigan eta asko ikasi nuen. Hemen ere, Bordalas misterrak konfidantza eman dit oraingoz. Hiru gol sartu ditut eta espero dut askoz gehiago sartzea. Nolanahi ere, ez dizkiot nire buruari gol helburuak jartzen: taldeari laguntzea da inportanteena, izan golak sartzen, paseak ematen edo lan egiten. Kluba da garrantzitsuena, ez jokalariak.

 

Nazioarteko futbol izarrekin harremana izan duzu. Zer ondorio atera duzu aurrez-aurreko kontaktu horretatik?

Gogoan dut Athleticera iritsi nintzen lehen eguna. Lotsa-lotsa eginda nengoen, eta ez nuen bakarrik joan nahi izan. Jokalari horiek kromoetan ikustetik haiekin jokatzera pasatzea... niretzat pauso oso handia zen. Estraterrestreak iruditzen zitzaizkidan, urrutikoak; gero, aldagelan, zu bezalako pertsona normal eta gertukoekin egiten duzu topo.

 

 

Kromoa zu izan zinen gero…

Bai, lehen mailan egon naizen urteetan nire kromoa izan dut, eta nire amak guztien bilduma egiten zuen, hasieran batez ere. Ilusioa egiten dizute halakoek, horren aurretik eskuraezina iruditzen zitzaizulako mundu hori.

Nork lagundu zintuen Athleticera lehenengo egun hartan?

Koikilik. Sestao klubetik ezagutzen nuen, eta esan nion: gera gaitezen nonbaiten entrenamendua baino lehen; edonora joango naiz, baina sar gaitezen elkarrekin aldagelara. Koi izan zen lehenengo egunetan integratzera lagundu ninduena, bakarrik ez egoteko.

 

Klub txikiagoetan ere egon izan zara: Lemona, Sestao River, Eibar… Zer ikasi zenuen horietan?

Futbolari bezala duzun ibilbidean, momentu bakoitzean zerbait berria ikasten duzu, eta entrenatzaile bakoitzetik zerbaitekin geratzen zara. Ez da bakarrik lehen mailan ikasten: Lemona edo Sestaon ikasi nuena ikasi gabe, ez nintekeen lehen mailara iritsiko. Inportantea da urrats txikiak egiten joatea,  elitera iristeko.

 

Athleticen asko hitz egiten dute harrobiaz eta oinarri futbolaz.  Nola zaindu beharko genuke hori Araban?

Zaila da: dirua inbertitzen duzu eta agian ez zaizu jokalari on bat ere ateratzen. Pazientzia handia izan behar da, eta Athleticek pazientzia izatea besterik ezin du egin, horretaz bizi delako eta, horretaz bizi zarenean, gehiago ahalegintzen zarelako, nahiz eta gehiago gastatu behar izan. Agian urte batean bost jokalari on lortzen dituzu, eta hurrengoetan bat ere ez. Leku guztietan daude jokalari onak, eta askotan aukera gehiago ematen zaizkie kanpokoei barrukoei baino.

 

Athleticen jokatzen zenuenean, Gloriosoaren abenturak jarraitzen zenituen?

Bai, gasteiztarra naiz, beti bizi izan naiz Gasteizen eta, Athleticek jokatzera deitzen ez ninduenean, Alavesen partiduak ikustera joaten nintzen ahal banuen. Bazkidea naiz eta gogoko dut nire lagunekin neurketak ikustea. Jakina, orain zelaian sufritzen eta disfrutatzen dut Alaves, eta hori, gasteiztar bezala, gauza benetan ederra da.

 

Zelaitik kanpo, zein izan da Alavesek oparitu dizun  momenturik zirraragarriena?

UEFAko final hura, Dortmundekoa (Alemania, 2001). Hara joan ezin izan ginen lagunok  Mendizorrotzako pantaila erraldoitik ikusi genuen, gure amekin. Ume batzuk ginen. Galdu zuen arren, partidu itzela egin zuen Alavesek.

 

Eta zelaitik, nola ikusten duzu taldea?

Ondo, egia esan. Aldaketa asko egon dira, baina lan egiteko gogo handia duen jendea etorri da.

 

Lehen mailan ikusten al duzu berriro talde babazorroa? Gorenean?

Hori espero dut, eta horretarako lanean ari gara hemen gauden guztiok. Lehen mailara igotzea lortu duten jokalariak egon izan dira gu baino lehen. Zergatik ba ez dugu guk ere lortuko? Oso zaila da, eta agian urte bat baino gehiago behar izango dugu, baina espero dut etorkizun hurbilean Alaves lehen mailan egotea.

 

Alavesek bere erronkak ditu. Zeintzuk dira zureak?

Ez diot nire buruari gol helbururik edo halakorik markatzen.  Gustatuko litzaidake Alaves, duen historiarekin, dauzkan instalazioekin eta, batez ere, dituen zaleekin, lehen maiara igotzea, eta hori lortzen dugunean ni ere zelaian egotea. Ni ezin banaiz egon eta beste batzuk lortzen badute... oxala!

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

Argazkiak: Saioa Fernández de Aranguiz

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide