Aurreko egunean kazetari hozbera baten hitzak irakurri nituen: “Alaveseko zaleek Osasunaren zaleak dituzte lagun, bi taldeen zaleek Athletici gorrotoa diotelako”. Ondoren, doinu probokatzaile batekin, ekin zion, Athletic aitzaki, bizkaitarren kontra egiteari. Ez da lehenengo aldia kazetariak Alaveseko bufandarekin, antifaza bailitzan, begiak estaltzen dituena; Gasteizko taberna bat Athleticeko banderak jartzeagatik satanizatu zuenean bezala. “Alavesismo” berri honek, Nafarroako hauteskundeetan erabili zen “Navarrisimoa” ekarri zidan gogora; edo, zergatik ez, hemengo hiper-mega-euskaldunen anti-espainolismoa. Beroki hauek guztiak saltoki berean daude salgai, garesti –asko baita galtzen dena beroki hauek jantzita–.
Kazetari horrek ziurrenik ez nau Mendizorrotzan Alaves animatzen ikusiko –futbolzalea ez naizelako–. Errezago izango du ni Bilboko zazpi kaleetan topatzea, edo Cadizeko hondartza batean, edo Logroñon, edo Parisen, edo Bartzelonan, edo Madrilen… hainbeste maite dudan Bizkaian, edo Frantzian edo Espainian, arabarra eta abertzalea izanda, berokirik gabe.
Egilea: Aitor De la Villa. Arabako ALEA