'Jar zaitez nire tokian' izan da aurtengo buruko eritasunen eguneko leloa. Bestearen lekuan jartzea falta da?
Bai, herritar gehienek ez dakite zer den buruko gaixotasun bat, ezta edozeinek izan dezakeela. Halako egun bereziekin bilatzen dugu jendeak ezagutzea eta beldur horiekin apurtzea. "Bizitza osoa eman du oso normal eta...", esaten da maiz, eta orain gaixo dago, bai. Baina diabetesa duenak bezala; horrek intsulina hartu beharko du egunero edo pilula bat bazkaldu aurretik; buruko gaixotasuna duenak ere, antzera, botikak hartu beharko ditu, kontrolak izan beharko ditu bizimodu egoki bat izateko eta horretarako inguru egokiak ere lagundu behar du. Gaixotasun hauek ezagutarazi behar ditugu.
Ezjakintasun handia dago gaiaren inguruan, oraindik?
Bai, eta horrek estigma dakar. Hedabideei begiratu diezaiokegu, esate baterako; kutsu morbosoa duen edozein albisteren aurrean beti aipatzen dute buruko gaixotasuna izan duela, hilketak tartean daudenean lehenengo gauza da... eta Germanwings dugu gogoan, esaterako. Horrekin geratzen dira herritarrak: depresioa zuen. Baina nola zaintzen ari zen hori? tratamendurik ba ote zuen? "Depresio latza" hitz horien atzean pertsona bat dago, familia bat, tratamendu bat. Estigmak min handia egiten du; "erasotzaileak omen dira gaixo hauek, kontuz ibili behar da eurekin"... bada, justu alderantzizkoa da, indarkeria euren gorputzetan bizi dute.
Buruko gaixotasunen artean, gainera, askotariko kasuak daude. Zeintzuk artatzen dituzue bertan?
Gehien diagnostikatzen dena eskizofrenia eta desoreka bipolarra dira, baina geroz eta gehiago ikusten ari gara mugako nortasun-nahastea moduan izendatu dena; gazteen artean eta emakumeen artean horietako gehienak. Denetarik ikusten dugu Asafesen; gaixotasunak nabarmen astindu eta alde kognitibotik zein sozialetik nahiko kaltetuta daudenak, eta baita bizitza normaltasun osoz euren familiarekin egiten dutenak. Denetarik dago, eta gero eta gazteagoak; hogei urteko lagun bat etorriko da gaur.
Zein izan daiteke arrazoia buruko eritasuna horren gazte izateko?
Argi dago osagai genetiko bat badagoela hor, baina osagai horri lagundu egiten badiot drogak kontsumituz edota gatazkatsua den inguru batekin, horrek areagotu egin dezake gaixotasuna, piztu edo okerrago bihurtu. Drogak argi dago mina eragiten ari direla, faktore garrantzitsua dira; hain zuzen bi alderdi horiek dituzten pazienteekin ari dira lanean Abegia erresidentzian, buruko gaixotasuna izan eta drogak kontsumitu dituztenekin.
Buruko gaixotasunen nazioarteko egunari lotuta, zer jarduera antolatu dituzue?
Larunbatean, hilaren 17an, 18:30ean, hainbat ikuskizun izango dira Gasteizko Hegoalde gizarte etxean, Acotados antzerki taldea, Traspasos dantza taldea eta Cocorotas abesbatzarekin. Eta hurrengo ostiralean, hilaren 23an, 18:00etan, hitzaldia eskainiko du Silvia Congost psikologo eta idazleak; menpekotasunen eta buruko gaixotasunen inguruko loturaz hitz egingo du Europa jauregian.
Egun bereziko ekinaldiekin batera, zer erronka ditu elkarteak?
Estigmak apurtzeko lana garrantzitsua da eta, ildo horretan, esaterako lan alorrean eragin behar dugu; lanpostu batek laguntzen baitio normalkuntzari. Eta etxebizitzekin ere kezka dugu; Araban badaude tutelatutako pisuak, baina ikusten dugu ez direla eurei egokitzen; etxebizitzak ondo daude baina intimoki eta pertsonalki bizitzeko beharra dute pazienteek eta batez ere beharrei egokituta egon behar dute; egon daitezke bi pertsona eskizofrenia dutenak eta guztiz ezberdin bizi; beraz, ezin diegu gauza bera eskaini. Beste alde batetik, medikuntzari dagokionez, eskaintza handiagoa behar dute; hemen izan ditugu pazienteak bi urtez psikiatrara joan gabe, itxaron-zerrenda amaigabeak dituelako, hori ez da ulergarria. Eskaintza handitu behar dute.
Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA