Garoñako hondakin erradioaktiboen behin behineko biltegia egiteko baimena eman du Espainiako Gobernuak

hirinet 2015ko urr. 19a, 02:00

Garoñako zentral nuklearraren orubeetan hondakin erradiaktiboak jasotzeko behin behineko biltegia (ATI) egiteko aukerari baiezkoa eman berri dio Espainiako Gobernuak, ingurugiro eraginari buruzko txostena onartu eta gero. Zentrala berriz martxan jartzeko beharrezkoa da biltegia egitea, baina baita hau ixteko ezinbesteko pausoa ere. Paco Castejon fisikari nuklearraren esanetan –Ecologistas en Accion taldeko kidea ere bada–, Garoña eraisteko prozesuan "beste pauso bat" da honakoa.

Era honetan, hondakin erradiaktiboekin betetako 32 edukiontzi izango lituzke Garoñak, gehienez ere hamar urtez. Momentu honetan Garoñak hondakin guztia du hainbat piszinatan, 2012ko abenduan zentralaren jarduera gelditu eta erregaia bertan sartu eta gero. "Bi urte hauen ostean nahiko hoztuta behar luke bertatik atera eta altzairu eta hormigoi edukiontzi horietan sartzeko", azaldu du Castejonek. Horretarako, baina, hainbat neurri hartu behar dira inguruan erradioaktibitate maila ahalik eta txikiena izan dadin lortzeko. Besteak beste, lurrikara edota bestelako eraso fisikoen aurrean ondo babestutako edukiontziak eraiki behar dira, eta hori ere kontuan izango dute Garoñan, Castejonek aipatu moduan: "Inori ez zaio gustatzen hilerri nuklear bat, noski, baina zentrala ixteko bidean pauso onargarria dela uste dut".

 

Aurrekariak

Garoña gutxinaka ixten ari diren erakusle nagusi dira, haren ustez, orain arte hartutako hainbat erabaki. "Niretzat klabea izan zen Nuclenorrek geldiarazteko agindua eman zuenean eta bertatik erregaia atera eta luzatzeko aukerari ezezkoa eman zionean". Castejonen arabera, horrek erakusten du Endesak eta Iberdrolak –Nuclenor– ez zutela benetako interesik Garoñaren bizitza luzatzeko: "Gobernua presionatzeko bidea izan zen, gainontzeko zentralen bizitza urteak luzatzeko".

 

Bestalde, azken hilabeteetan bertan behera utzi ditu Espainiako zentral nuklearraren kudeatzaileak, CSN Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak, Garoñan egiten zituen ikuskapenak, eta hori ere "adierazgarria" da Ecologistas en Acción taldeko kidearen ustez. "General Electric-ek ikuskapenak egiteko baliabide nahikorik ez zuela izan da aitzakia; hori ez du inork sinisten". Berriz ere martxan jartzeko beharrezko baldintzetako bat da, hain zuzen, ikuskapenak egitea. Haren ustez, hurrengo hauteskundeen ostean Espainiako gobernuan zein izango den zain daude: "Baliteke hurrengo gobernua Garoña ixtearen alde egotea eta, beraz, egindako lana alferrikakoa izatea; horregatik geldiarazi dituzte, gure ustez".

 

Gertakari hauek guztiek erakusten dute, Castejonen arabera, "argia" dela Arabatik kilometro gutxira dagoen zentrala ixteko bidean ari direla. "Inork ez du pentsatzen dagoeneko zentrala berriz ireki daitekeenik, nuklearren aldeko fundamentalistak salbu; are gehiago, ixteko bidean hondakin erradioaktiboen biltegia egitea beste pauso bat da".

 

Zentral nuklearrak eta Garoña bera bizirik mantentzearen aldeko mezuak, ordea, egon badaude. Foro Nuklearrak berriki txosten bat jarri du mahai gainean, Garoñaren behin betiko itxierak izango lituzkeen galera ekonomiko "handien" inguruan.  Castejonen ustez, baina, prest egon behar dute zentral nuklearrek halakoetara egokitzeko: "Zentral nuklearrak ez dira betirako, lehenago edo beranduago eraitsi behar dira eta prest egon behar dute momentu horretarako". Kide ekologistaren esanetan, zonaldean inbertsioa egin behar da, lanpostu eta jarduera alternatiboak bilatu behar dira zentrala ixten hasten den momentuan. "Orain kexatzea, forokoak kexatzen diren moduan, edo langileen ordezkariek egiten duten moduan... ez du zentzurik. Inteligenteagoa zen momentu hau prestatzea".

 

Zentrala ixteko prozesuan ere hainbat lanpostu sortuko direla nabarmendu du Castejonek, eta "hipokritak" direla kexa hauek. "Beraz, gezurren aurrean, argi dago zentrala ixtearen inpaktua ez dela hainbestekoa izango; garaiz gaude ekonomia alternatiboa antolatu eta ingurumenarekiko iraunkorragoak eta askoz errespetagarriagoak diren  jarduerak abian jartzeko". Lana bera "dibertsibikatzeko" baliagarria izango dela uste du: "Orain zeinek ateratzen du etekin ekonomiko nagusia? Nuclenorrek eta haren enpresek, ez inguruko herritarrek; goazen benetako aterabideak bilatzera".

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago