Irantzu Lekue, Zirika eta Nuria Pérez-Cárcamok beren proiektu artistikoak aurkeztu dituzte Montehermoson

hirinet 2015ko urr. 15a, 02:00

Urriaren 16tik azaroaren 15era egongo dira ikusgai Irantzu Lekue, Zirika eta Nuria Pérez-Cárcamo  artisten artelanak, 2015eko Proiektu Artistikoen programaren barruan.

 

Programa honek proiektu artistikoak diruz laguntzen ditu eta honakoa hirugarren deialdia izan da. Proiektuen produkzioa eta garapena bultzatuz hiriko artisten lana ezagutaraztea du helburu. 22 eskabide jaso dira aurten, eta zazpi proiektu hautatu dira.

 

Artistei dirulanguntza emateaz gain, Montehermoso kulturuneak lanak jendaurrean erakusteko espazioak eta baliabide teknikoak eskaintzen ditu.

 

 

IndiaSensations. Irantzu Lekue

 

Irantzu Lekue Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat diziplina lantzen ditu artistak, eta haren lanak lotura estua du esperientzia pertsonalekin edo gertukoenekin.

 

IndiaSensations proiektuan, artistak Indiara egindako bidaia batean  izandako sentsazioak eta sentimenduak biltzen ditu. Zenbait instalazioren bidez, gai sozialak ukitzen ditu eta herrialde hartako gizarteaz, erritualez eta sinesmenez hausnartzen du.

 

 

Hitz baten olerkiak. Miguel A. Hernández (Zirika)

 

Zirika artista gasteiztarrak hasieran pintura lantzen bazuen ere, berehala hasi zen hiru dimentsioko objektuak erabiltzen eta horrek instalaziora eraman zuen, argazkia bere esku-hartzeen euskarri dokumentala gisa baliatuz.

 

Hitz baten olerkiak naturatik eta naturarekin egndako poesia esperimentaleko proiektua da. Artista ikusizko poesiara hurbildu da. Euskarazko hitzak erabiltzen ditu bertakotasuna eta aniztasuna aldarrikatzeko, pertsonak zein herriak kontsumitzaile huts bihurtu nahi dituen homogeneotasun globalaren aurka.

 

 

Naturalmente residuos. Nuria Pérez-Cárcamo

 

Nuria Pérez-Cárcamok Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederrak ikasten ari da eta haren lanek naturarekiko interesa islatzen dute, zehazkiago, gizakia harekin erlazionatzen den moduarekikoa.

 

Naturalmente residuos proiektua osatzen duten piezek ezaugarri komun bat dute: horiek lantzeko hiri-hondakinak erabili ditu artistak. Hondakinak baliatzean, Pérez-Cárcamok birziklatzeaz eta objektu edo material batek izan ditzakeen erabilera edo bizitza ezberdinez hitz egiten digu.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago