Prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuten moduan, “momentu honetan INTLCampus mundu mailako hainbat unibertsitatekin ari gara hizketan eta hauek guztiek euren programa akademikoak Gasteizera ekartzeko interesa agertu dute. Antza denez, nazioarteko lehenengo ikasleak 2016ko udazkenean irits daitezkeela gaineratu zuten.
Bestalde, INTLCampus-eko bozeramaileak azaldu du arte eta diseinu programekin batera, “2012ko Europako Hiriburutza Berdeari jarraitutasuna emango dion laborategi berdeen programa batean lan egiten ari direla.
“Asmo onak besterik ez”, Mahaia plataformaren aburuz
Albiste honen aurrean, sortu berri den MAHAIA Sorkuntza Garaikiderako Arabako Kulturaren Mahai Sektorialearen Behin-Behineko Kontseiluak bere iritzia eman du. “Plazaratutako proiektuaren zirriborroan atentzioa biziki eman digu, zeuden aukera guztien artean, artea eta kultura modu tangentzial batean soilik kontuan hartzen duela sumatzeak; izan ere, arte, moda eta diseinuaz hitz egitea KREAko hasierako proiektutik oso urruti dago, azken honek praktika eta sorkuntza artistikoa modu integralean baitzituen ardatz”.
Halarik ere, proiektuaren sustatzaileen “asmo onei ongi etorria” eman diete, baina momentuz, asmo onak besterik ez direla salatu dute.
Horrekin batera, “proiektuaren begi-bistako indefinizioa ikusita, eta dagoen denbora gutxia kontuan hartuta, elkarrizketa garden, zintzo eta emankor baten zain gelditzen gara”, gaineratu du Mahaiak. “Guri, komunitate artistiko eta MAHAIA den solaskide bezala, fede keinu bat eskatzen zaigu “besoak zabalik” har ditzagun datozenak. Beharbada, fede keinu bat gehiegizkoa da, kontuan hartuta orain arte jasotako proiektuaren inguruko informazio maila oso eskasa dela”.
Bestetik, KREA akatsez betetako testuinguru baten porrota eta arduragabekeriaren fruitua dela gogoratu du plataformak. “Ezin dugu ahaztu kutxa publikotik 18 miloi euro inbertitu zirela martxan jartzeko prest zegoen produktu bukatu batean, eta, beraz, edozein irtenbidek hau kontuan izan beharko duela, are gehiago interes pribatuak bertan badira”.
Azkenik, MAHAIAk argitara eman nahi du KREA/INTLCampus proiektuari espresuki zuzendutako lan-talde baten sorrera, Behin-behineko Kontseiluaren gainbegiratzearekin betiere.