[GUTUNA] Facebook-eko fauna eta kategoriak

hirinet 2015ko urr. 14a, 02:00

Facebook-eko biodibertsitatea handia da. Eguneroko bizitzan ez bezala, talde edo web orrialde berdinean sartu ditugu familiako kideak, lagunak, ezagunak, lankideak eta abar luze bat. Gure erlazioa kalean ez da berdina, baina pantailaren beste aldean gaudenean, antza, bai. Edo ez? Facebook-en ere badago modua gure izakera isladatzeko. Fauna itzela dago “aurpegien liburu” horretan.

 

Alde batetik, eguneroko lagunak daude. Horiekin tratua daukagu ordenagailutik kanpo, eta beraiekin artikuluak eta gauza bitxiak elkar trukatzen ditugu. Gero, aurrez-aurre gaudenean,  komentatzen ditugu. “Ikusi zenuen Siriari buruz jarri nuen bideoa? Gogorra, ezta?” Gustuko dutela ez dute ipini behar, aurpegira esango digute, kanpoan ere erlazio bat daukagulako. Horiek dira, normalean, zure orria gutxien begiratzen dutenak, badakitelako esateko guztia aurpegira esan ahal diezula.

 

Gero ezagunak daude. Agian kontaktua galduta zegoen eta berreskuratu duzu, agian ez dituzu ondo ezagutzen baina majoak direla pentsatzen duzu eta gehitzen dituzu zure orrira. Facebook-ek pertsona horiek hobeto ezagutzeko balio du, ez bakarrik idazten dituzten esaldiengatik baizik eta estekatzen dituzten artikuluengatik. Behin baino gehiagotan harrituta geratu naiz aspaldi ikusten ez dudan lagun batek nire interes berdinak erakusten dituenean. Beste batzuetan, aldiz, oso majo zen horrek bere benetako aurpegia erakusten du, eta ai!, ez da polita, ez. “Bortxatutako emakumezkoen %90ak gezurra esaten du gizonei mina egiteko”. Eta hor zalantza sortzen zaizu: zer egin, “lagun” hori mantendu edo Facebook-etik kendu? Eta konturatzen bada? Eta ez bazaio gustatzen? Askotan gustuko ez dugun materialarekin daukagu gure orria beteta, ondo geratzeagatik edo, eta guk bukatzen dugu haserre. Ezabatu. Eta moskeatzen bada, ezin izango dizu ezer esan (aurpegira ez bada, noski). Arazoa lankide edo nagusia denean sortzen da, bai. Baina badaude moduak beraiek ipintzen dutena ez ikusteko eta “lagun” moduan mantentzeko, nahiz eta zentzu handia ez izan (lagunak gara baina ez zait gustatzen esan behar duzuna? Erlazio bitxia, gutxi esateko).

 

Beste kategoria bat dago, niri gehien gogaitzen nauena: lagun (edo ezagun) isilak. Ez zara konturatzen ezta hor daudela ere ez. Ez dute ezer idazten, ez dute bideo edo artikulurik estekatzen, ez dute “gustuko dut” esaten. Baina gero kaletik topatzen dituzunean, zure bizitza osoa (eta besteena) komentatzen dizute. “Ikusi dut bidaia bat egin duzula, zer moduz? Portzierto, astuna jarri zara Siriarekin, ezta? Ah, eta lagun horrek idatzi zuena, de qué va? Badakizu bere neskarekin apurtu duela? Berak ez du ezer idatzi, baina bere neska ere Facebook-en daukat eta estatusa aldatu du, orain “sin compromiso” jarri du. Ez nau harritzen, ze a zelako pieza. Eta zu zer, institutuko lagun horrekin bakeak egin duzu? Orain asko idazten zarete elkar, ezta? Bitxia, bizitza nola aldatzen den…” Honen aurrean egin ahal duzun gauza bakarra: sakelekoa atera eta hor bertan zure orritik bota. Ia indirekta zuzena harrapatzen duen.

 

Egilea: Ruth Ibañez

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago