Hori dela eta, Udalak tasa eta prezio publikoak, oro har, %1ean igotzea proposatu du, administrazio publikoetako gastu aurreikuspenen arabera. Hauek, esaterako: ura, kirol instalazioak, gizarte etxeetako jarduerak, udalaren haur eskoletako prezioa eta TAOren tarifak.
Zergei dagokienez, ibilgailuen zerga eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren zerga igoko dira %1. Ondasun Higiezinen gaineko Zergarekin ez da gauza bera gertatuko. Gobernu taldeak egungo kuota mantentzea proposatzen du, eta gauza bera proposatzen du gainbalioaren zergarako. Azkenik, Ekonomi Jardueren gaineko Zergari dagokionez, datorren ekitaldirako 1,146ra jaitsiko da tipoa (aurten 2,2koa da), zerga koherentzia berreskuratuta eta aurten izandako %41eko igoera zuzenduta.
Zaborra bildu eta suntsitzeagatik ordaindu beharreko tasari dagokionez, Udalak mahai gainean jarri du kontzeptu honegatik lortzen den diru-sarreraren eta zerbitzuaren benetako kostuaren arteko alde kezkagarria, izan ere, kostua diru-sarreren bikoitza baino gehiago baita. Horregatik, etxebizitzen zabor tasa hauen azaleraren arabera igotzea proposatzen da: %6ko igoera 120 m2-tik beherako etxebizitza bada, %8koa 120 m2 eta 200 m2-ko bitartekoa bada, eta %10ekoa 200 m2-tik gorakoetan. Gainerako higiezinetan tasa %8 igoko da.
Hobari berriak
Udalak prezio publikoei buruz egindako proposamenak bi hobari berri aurreikusten ditu familia ugarientzat eta gazteentzat. Batetik, kategoria orokorreko familia ugariek %50eko beherapena izango dute Jose Uruñuela musika eskolako tarifan, hartara parekatu egingo baita Folklore Akademiako eta dantza kontserbatorioko hobariarekin. Bestetik, 18 eta 24 urte bitarteko ikasle gazteek ere abonamendu murriztua ordaindu ahalko dute udalaren kirol instalazioetan.