Lazarraga elkarteko kide, Oihaneder Euskararen Etxea aurrera eramateaz arduratzen dira Iker Durana, Iñaki Lazkano eta Ane Pedruzo gasteiztarrak.
Nola joan da Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko lehenengo urte hau?
Ane Pedruzo: Gure buruari bost helburu jarri genizkien: euskal hiztunen komunitatea trinkotzea eta saretzea, euskaraz egindako sorkuntza suspertzea eta euskararen normalkuntzan ari diren eragileen sarea sustatzea, bai eta kultur erreferente bilakatzea eta euskara eta hizkuntzak interpretatzea ere. Hainbat hitzen bidez adierazi genituen: sortu, ikasi, erakutsi, entzun, dantzatu, galdetu, parte hartu eta antolatu. Horien arabera egituratu dugu gure programazioa: Sortegia ikastaroak (sortu), Hitz adina mintzo hizkuntz gutxituen zikloa (ikasi), Rockomikiak erakusketa eta Kortxeak eta krispetak zikloa (erakutsi), bai eta Eskilarapeko soinuak (entzun), Ilunabarrean dantzan (dantzatu), Solasalean elkarrizketak (galdetu) eta Gasteiztarrak Arraun The World argazki lehiaketa (parte hartu), batzuk aipatzearren.
Iñaki Lazkano: Azken finean, hizkuntzak dituen funtzio ezberdinei aukerak eman nahi genizkien. Denak ez ditugu garatu, baina konforme gaude martxan jarri dugunarekin.
Iker Durana: Orekatua izan da gainera programazioa. Poliki-poliki, aurrera goaz.
Nolako harrera izan du gasteiztarren artean Oihaneder Euskararen Etxeak?
I. Durana: Ia zortzi mila erabiltzaile izan ditugu urtarriletik hona. Ona izan da publikoaren harrera. Alde horretatik, pozik.
A. Pedruzo: Jende kopurua ekintzaren araberakoa izan da, baina gure lana ez dugu alderdi kuantitatibora mugatu nahi; kualitatiboki begiratuta ere, gauza ez hain jendetsuak baina benetan aberasgarriak egin izan ditugu.
Gasteiztarren aldetik, proposamen asko iritsi zaizkizue?
I. Lazkano: Gauza ezberdinetan dabiltzan euskaldun eta euskaltzale asko etorri zaizkigu proposamenak egitera, eta ahal izan dugun guztietan gure programazioetan txertatu ditugu. Adibidez: erleen inguruko dokumental bat egina zuen lagun batek euskaraz aurkeztu nahi zuen Oihanederren, eta halaxe egin genuen; beste batek Poetak Maiatzean zikloko euskarazko emankizunak hemen izatea proposatu zuen, eta lortu genuen. Badaude ere egin ezin izan ditugun gauzak, baina datorren urtean kabida izan dezaketenak.
Badituzue oraindik egitekoak, beraz...
I. Durana: Bai. Esaterako, hasiera batean nerabeak eta gazteak ziren gure helburu nagusietako bat, eta horretan ahalegindu garen arren, ez dugu horiek erakartzea guztiz lortu, ekintza batzuetara salbu.
Arantza hori kentzeko lan egin beharko duzue datorren urtean?
I. Lazkano: Bai, guk nahiko genuke gazteak gurekin sorkuntza lanetan inplikatzea. Orain, Gasteizko euskara zerbitzuak gazteen sortzailetza bultzatzeko deialdia ireki du azaroaren 16ra arte, eta espero dugu Gasteizko gazte euskaldunek sormen proiektuak aurkeztea.
Instituzioen aldetik zer harrera izan du orain arteko zuen lanak?
I. Lazkano :Oihanederren beharraz eta izan dezakeen proiekzioaz jabetu dira. Gasteizko Udalari lotuta dago Oihaneder, eta bai aurreko agintariek eta bai berriek ere, oposizioko taldeak ahaztu gabe, egitasmoa babestu dute. Duela egun gutxi, gainera, alkateak esan du Gabonak baino lehen erabakita eduki nahi duela Gasteizko Kafe Antzokiaren kokapena; hau da, proiektuaren bigarren fasea.
Montehermoso jauregian Oihaneder Euskararen Etxea eta Montehermoso kulturunea daude batera. Horrek eragozpenak ekarri dizkizue? Euskararen Etxeko eraikin berean euskaraz ez diren gauzak ere egiten dira...
A. Pedruzo: Montehermoso jauregira etorri ginenean, osorik Euskararen Etxea bilakatzea zen aurreikuspena. Denborarekin, Udalarekin hitzartutakoaren kontra, aurreikuspen hori ez da bete eta bi proiektu gaude etxe berdinean elkarbizitzen. Ez gaude eraikinean guztiz ahaldunduta, baina hanka bat sartu dugu eta egokitzen ari gara. Eta bai, egia da: eraikinean gazteleraz entzuten da eta oraindik hizkuntza paisaia ez dugu ehuneko ehunean aldatzea lortu. Komunikatiboki ere pixkat eskizofrenikoa da, baina horrela egin beharko dugu aurrera.
Elkarlana da ere zuen bereizgarrietako bat, ezta?
I. Lazkano: Proiektu honen ezaugarrietako bat kudeaketa partekatua da. Hobeto edo okerrago, Oihaneder eta Gasteizko Udalaren Euskara Zerbitzua elkarlanean ari gara, eta hori beste inon gertatu ez den zerbait da: mugimendu sozial bat eta instituzio bateko zerbitzua elkarrekin lan egitea. Pozik gaude.
Gasteizko euskalgintzako topagune izateko ere urratsak ematen ari zarete ere?
I. Lazkano: Bederatzi hilabete hauek horren adibide izan dira: AEK-k, IKA-k, GEU-k, Bertsozale elkarteak eta Bai Euskarari ziurtagiriaren elkarteak, batzuk aipatzearren, gauzak antolatu dituzte Oihanederren. Apurka-apurka, erreferentziatzat hartzen ari dira, oraindik lana egiteko badago ere. Izan ere, Gasteizko Kafe Antzokia irudikatu genuenean, euskalgintzako talde ezberdinak etxe bereko teilatupean egotea aurreikusi genuen.
Eman zuen erronken berri. Zeintzuk dira?
A. Pedruzo: Orain arteko lana egonkortzea eta proiektua ezagutzera ematea, oraindik ezezaguna delako askorentzat. Horrez gain, egitasmoari osotasuna emango dion bigarren hanka behar dugu, Gasteizko Kafe Antzokia, Udalarekin adostuta eta ahalik eta eragile eta jende gehien parte hartuko duen hausnarketa kolektibo batetik abiatuta.
I. Lazkano: Kafe Antzokia legegintzaldi honetan egitea da gure erronka. Proiektua 2008koa da: sozialisten legealdian ez zen egin eta PPren garaian ere ez zen egin: ea oraingoan lortzen dugun, Udalak hala onartu zuelako eta proiekturako beti egon izan delako diru bat gordeta, gastatu ez dena.
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA