Sortzaileak ez ezik, kudeatzaile, bitartekari eta hartzaileek ere lekua dute bertan; erakunde publikoek bultzatzen dituzten politikei erantzuteko kulturgileen ahots bateratua osatzea eta beharrezko proposamenak lantzea ditu helburu, bertako bozeramaile Natalia Albenizek (Gasteiz, 1989) azaldu moduan.
Arabako kulturaren inguruko nolako hausnarketa egin duzue, mahaia osatzeko pausoa eman behar izateko?
Egoera txarto dagoela uste dugu. Azken urteetan, batik bat, lurraldeko kulturak ahultzera egin duela uste dugu, beharrezko babesik gabe, eta horregatik erabaki genuen uda aurretik egoeraren azterketa bat egitea. Hainbat bilera egin genituen uztailetik aurrera eta lehenengo agiria atera genuen; helburua artearen kudeaketa publikoaren eta gure lurraldeko kultura antolatzen duten erakunde publikoen aurrean mintzaide nagusiak bilakatzea da, bertako politika kulturalen garapen egokia nabarmentzeko. Artea, kultura eta sorkuntza garaikidea osatzen dituzten sektoreak bultzatu nahi ditugu, eta horrela, pentsamendu ekoizpen eta lurraldeko kultura sustatuko ditugu.
Zeintzuk dira kulturgileen arteko bilera horietan agertutako kezka nagusiak?
Kezka zerrenda luzea da, eta sektorez sektore desberdinak. Nik, adibidez, duela hilabete batzuk amaitu nuen Arte Ederrak ikasten eta erresidentzia bekak botatzen ditut faltan. Bizkaia eta Gipuzkoarekin alderatuta, bestetik, egitasmo, lehiaketa, programa gutxiago dagoela uste dut. Bertako artisten lana ikusteko aukera falta da; dantza edota musikarien lana ikusarazteko egitasmo gehiago botatzen dut faltan.
Garai hobeak izan dira?
Nik ez dut ezagutu, baina izan ditugun bileratan esaten dutenagatik, garai oparoagoak izan dira. Duela urte batzuk, esaterako, Amarika Asanblada izan zen eta ekimen gehiago zeuden. Nik unibertsitateko boletina jasotzen dut, kultura eskaintza guztiarekin, eta hemen askoz ere eskaintza txikiagoa izaten da.
Mahaiak Amarika Asanbladaren ildoa jarraituko al du?
Lan ildoa berdina izango da, baina sektore ezberdinak batzeko asmoarekin beste izen bat jarri diogu, artista plastikoekin batera kulturako beste lagun batzuk ere batzeko; dantzariak, musikariak, zinema arlokoak... askotariak elkartu dira. Kulturan lan egiten duen edo inguruan dabilen edonork parte hartu dezake; sortu edo kultura erabiltzailea bazara izena eman dezakezu gure webgunean –mahaiaaraba.wordpress.com–.
Zer pauso emango dituzue hemendik aurrera?
Oraindik sektore mahaia antolatzen ari gara. Hainbat lantalde izango ditu; batetik, mahaia osatzen duten azpisailekin osatuko ditugu taldeak –literatura, bertsolaritza, arkitektura, arte eszenikoak...–. Beste alde batetik, sektore guztiek dituzten arazoak jorratuko dituen lantaldeak izango dira; arazo hauek ikusi, aztertu, eta txostenak egingo dituzte; ondoren, ikerketak, aukerak, hobekuntzak edo irtenbideak proposatzeko. Esate baterako, kulturan inbertitu behar den %1 hori benetan betetzen den aztertuko dugu, edota praktika onak izaten diren, alegia artista batek egindako lanagatik kobratzen duen ikusiko dugu, edo zenbaitetan gertatzen den moduan, kontratzen duenak ospea emango diolakoan ezer kobratu gabe egiten duen...
Erakunde eta agintariekin harremanetan jarri al zarete?
Momentuz ez gara kontaktuan jarri. Lehenengo agiria dugu prest eta badakigu talde batzuk interesa dutela gurekin harremanetan jartzeko, baina mahai honek jendea irudikatu nahi du, alderdietatik aldenduta eta instrumentalizazioan erori gabe. Ez da erakunde edo alderdi politikoen mahaia; hobekuntzak arlo guztietan egin nahi ditugu, egoera aldatu nahi dugu.
Euren erabakiek, ordea, baldintzatu dezakete zuen lana...
Azkenean euren ardura ere bada, noski, baina lehenik eta behin gure eginbeharra da, kulturan gauden eragileona; plana aldatzeko asmoa daukagu. Momentuz 200 bat lagunek egin dute bat eta beste batzuk ere gehitzeko bidean daude. Arabarentzako egitasmoa da, baina gustatuko litzaiguke bertako mugak gainditu eta beste lurralde batzuetara heltzea; momentuz, Arabako herritarrentzako proposamena da.
Agintarien araberako kultura plana izateak nolako ondorioak izan ditu?
Ez da onena izan eta horregatik saiatu behar dugu alderdiak egitasmo honen protagonista ez izatea. Gustatuko litzaiguke benetako oinarri sendoa duen plana osatzea, hori ari gara lantzen. Oinarritik azalera egingo dugu gero, baina horretarako denbora behar dugu, jendea guztia kontuan izan behar dugu eta iraunkorra izateko oinarri sendoa behar du.
Zein aldaketa ematea gustatuko litzaizuke?
Kulturaz dugun ideia aldatzea gustatuko litzaidake: kultura ez da ikuskizuna. Edo behintzat ez nahastea. Benetako kultura nahi dugu eta ez itxurazkoa. Herri mailan egiten dena ezagutzera eman nahi dugu, bertako jendeak aukera izan dezan euren lanak aurkezteko eta guztiengana heltzeko.
Krea eraikina izan da kulturgileen ahotan azkenaldian...
Arazoaren oinarriak lantzen ari gara, eta jorratu beharreko gai bat da, baina momentuz ez da premiazkoa; behetik gorantz eraiki nahi dugu.
Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA
Gai honi lotutako albiste gehiago:
Sortu da Mahaia, Arabako kultura babesteko plataforma