Hala Bedi Bi irratiak goizero lurraldeko aktualitatea eramango du uhinetara

hirinet 2015ko urr. 13a, 02:00

Ikasturte berria apustu handi batekin hasi du Hala Bedi Bi irratiak; kolaboratzaile sare zabala lagun, goizero, lurraldeko aktualitatea eramango dute uhinetara 'Hizpidea' eta 'Arabako Hizpidea' saioekin.

Euskaraz, astelehenetik ostiralera, egunero bi orduz, Arabako eta Euskal Herriko aktualitatea ardatz. Osagai horiekin apustu handia egin du Hala Bedi Bi irratiak, irratizale gehienak adi dauden tarterako, goizerako, erritmo biziko magazina prestatuta. Asteartean ekin zioten Hizpidea informazio saioarekin, 09:00etatik 10:00etara, Bilbo Hiria irratiarekin elkarlanean, eta  Araba Hizpide saioarekin ondoren, 10:00etatik 11:00etara. "Apustu sendoa egin dugu aurten; duela bi urte hasi zen Hala Bedi Bi irratia hainbat irratsaiorekin, eta bost bat irratsaio egitea lortu dugu, baina beste bultzada bat behar zuen", nabarmendu du Iñaki Ziarsolo Hala Bediko kideak.

 

Aktualitateari lotutako Hizpidea-rekin abiatzen dira egunero Mieltxo Monfort eta Jon Sanchez aurkezleak, 09:00etan, Gasteiz eta Bilboko estudioak batzen dituen irratsaioan. "Saio bizi-bizia egin nahi dugu, aktualitateari errepaso txiki bat eman eta horretan zerbait gehiago sakontzeko hainbat kolaboratzaileren iritziekin", azaldu du Gasteizko estudioan aurkezle dabilen Sanchezek. Arina bai, baina gaiak sakon jorratzeari utzi gabe, adierazi duenez: "Bilbo Hiria eta Hala Bediren estiloa ez da azalean geratzearena, mamira jotzearena baizik, eta iritzia ematea, entzuleak harena osatu dezakeelako besteen bitartez". Horrek egiten du "berezi" saioa, Sanchezen arabera, ohiko irratietatik desberdin: "Azalean gera gintezkeen eta egin genezakeen gertaeren saioa, betelanekoa, baina guk mamira jo nahi dugu eta adituen iritzia eskatuko dugu".

 

Elkarrizketa bat izango dute egunero, eta hainbat kolaborazio, arlokakoak, baina egunerokoari lotutakoak; izan daitezke nazioartea, ekonomia, kontsumoa edota desazkundeari buruzkoak, beste askoren artean. Arabakoari dagokionez, bestetik, eguneko albisteak gainbegiratu ostean, hainbat iritzi zutabe izango dituzte eta, egunero, erreportaje edo elkarrizketa bat ere izango dute.

 

Bi ordu izango dira, trinkoak, albisteari eta iruzkinari leku eginez. "Eta horretarako, 60 kolaboratzaileko sarea daukagu; azkar esaten da hori baina kopuru oso handia da halako saio batentzat", azaldu du Sanchezek. Besteak beste, Iñaki Martinez de Luna, Irantzu Lekue, Mikel Ayllon, Txotxe Andueza, Idurre Eskisabel, Gorka Bereziartua, Maite Asensio eta Eneko Barberena arituko dira, Hizpidea eta Araba Hizpide saioetan. Era honetan, Hala Bedi eta Bilbo Hiria irratietako kideekin batera, alea, Berria, Aiaraldea, Argia, Aizu, Euskalerria Irratia, Hamaika telebista eta beste hainbat hedabideetako lagunak ere izango dira kolaboratzaile.

 

Arabari dagokion tarteak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du Ziarsolok: "Egunero ordubeteko saio bat izatea bertako informazioarekin, hori da gure bereizgarria; Euskadi Irratiak ere ez du halakorik egiteko aukerarik". Kuadrilletako kolaboratzaileak izango dituzte eta udaletxeen berri izateko ere hainbat politikarirekin eztabaida saioak antolatuko dituzte. Beste hedabide batzuk iristen ez diren lekuetara heltzeko asmoa dutela azaldu du Ziarsolok. "Orain, gure erronka ahalik eta lan duinena egitea da, askotariko jendea biltzea eta ikuspuntu anitz horiek erakartzea irratsaiora".

 

Lizentziak "pizgarri"

Apustu handia egin du Hala Bedi Bi irratiak goizeko magazinarekin, abian jarri zutenetik nagusiena. Hona iritsi arteko bidea, baina, gorabeheratsua izan du. 2012an aurkeztu zuten irrati lizentzia banaketan horietako bat lortzeko saiakera egin zuen Hala Bedik, eta lortu zuen arren bertan behera geratu zen. Hamar lizentzia banatu behar zituzten Gasteizen, eta hiru euskarazko hutsezko irratientzat soilik. Inor aurkezten ez bazen euskarazko lizentzia horiek gaztelaniako hedabide batek hartuko zituen. "Erantzukizun baten moduan ikusi genuen; lizentzia hartzea erabaki genuen, gero hori aurrera nola eraman ongi jakin gabe", aipatu du Ziarsolok. Hala Bedi Bik lizentzia lortu zuen arren, Patxi Lopezen azkeneko gobernu bileran prozesu guztia bertan behera geratzea erabaki zuten.

 

Lizentzia ez da oztopoa izan, ordea.  Are gehiago, Hala Bedi Bi sortzeko "pizgarri" nagusia izan dela gogoratu dute bertako kideek. Lizentziarik izan gabe ere, proiektuarekin aurrera jarraitu behar zutela erabaki zuten: "Uste genuelako Gasteizen bazegoela behar bat euskara hutsezko irrati lokal batena; Hala Bedi Batek esparru soziologiko bat betetzen duen moduan, ikusten genuen Hala Bedi Bik ere bazuela lekua, euskaldunena, gertutasun hori eskainiko lukeen irratiarena".

 

Duela bi urte jarri zuten martxan, eta hasiera batean lan militanteari esker osatutako irratsaioak sortu bazituzten ere, pauso bat gehiago eman eta "sendotasuna eta trinkotasuna" emango dion goizeko magazina sortzeko apustua egin dute. Eta, dagoeneko, uhinetan da apustua.

 

"Elkarlan aberasgarria"

Lehenengo saioak egin dituzte, eta horrekin batera, noski, lehenengo zailtasunak heldu dira. "Erronka handia da, besteak beste, Bilbo Hiria irratiarekin batera programa bat egitea, horrek dituen zailtasun teknikoekin, baina uste dugu etorkizunera begira bide luzeko erronka dela". Lehenengo aldia da bi irrati horren modu hertsian lan egiten dutela, Ziarsolok gogoratu moduan: "Elkarlanean, bi estudio bat eginik, zerotik hasitako proiektu batekin; zailtasunak izango dira, baina oso aberasgarria izango dela uste dugu".

 

Lan horren emaitza bertatik bertara ikusteko, gainera, jende aurrera eraman nahi dituzte goizeko saioak. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean izango dira, azaroan; kolaboratzaileen laguntzarekin irratsaioaren nondik norakoak azaldu dituzte eta musika kontzertuak eta zizka-mizkak ere ez dira faltako aurkezpenean.

 

 

Alai Bedi

Irratsaio berriekin batera, bestetik, ibilbidea egin eta egonkortu diren  hainbat saio entzuteko aukera ere izango da ikasturte berrian. Horien artean, arrakasta izan duen Alai Bedi  haurren programa ere eskainiko dute datorren astetik aurrera.

 

Mikel Gartziak gidatutako saioak bigarren urtea hasiko du, eta eskaintza zabaltzea erabaki dute. Hala, irratsaioarekin batera, 6-12 urte bitarteko neska-mutilek irrati tailerra egiteko aukera izango dute. Haurrek irratia barrutik ezagutuko dute eta ipuinak, albisteak, txisteak, igarkizunak, musika iruzkinak edota agenda kulturala irakurri eta entzungo dituzte. Gurasoekin egingo da umeek parte hartu ahal izateko harremana, alaibedisaioa@gmail.com helbidearen bitartez.

 

Zaharrak eta berriak, Hala Bedi bat eta Hala Bedi Biren nobedade guztiak azaroan egingo duten "parrilladan" izango dira prest.

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago