Euskal dantzak eta Europa osoko dantza tradizionalak ikasi eta dantzatzeko saioak antolatu ditu Oihaneder Euskararen etxeak, hilean behin

hirinet 2015ko urr. 8a, 02:00

Udaren amaierarekin batera Dantza Plazan saioak bukatu direlako kopetilun daudenentzat, eta folk dantza berriak probatzeko grina duten dantzazaleentzat, Ilunabarrean dantzan zikloa hasiko da urriaren 9an (ostirala), Oihaneder Euskararen Etxean. 

Frantzia, Belgika, Suitza, Italia, Alemania eta Holanda bezalako Europako bazterretan ohikoak diren 'balfolk' dantzaldien izaera edukiko dute saioek: zuzeneko musikaz lagunduta, kontinente zaharreko folk dantza tradizional ezberdinak ikasi eta dantzatzeko elkartuko dira parte-hartzaileak, euskal dantzak barne.

 

Ander Zabaleta musikari gasteiztar gazteak gidatuta, bi atal izango ditu saio bakoitzak: lehenengo zatian, Europako dantzaren bat ikasiko dute bertaratutakoek; ondoren, ikasitakoa praktikan jarriko dute eta, behin oinak berotuta, euskal dantzetan arituko dira.

 

Bavariako scottish bikote-dantza izango da zerrendan lehena, gaztelerazchotis bezala ezaguna ere. Izen horrekin eta chamamé deiturarekin ezagutzen dute Argentinan, eta beste hainbat abizen jarri dizkiote munduan zehar: xote Brasilen, jenkka Finlandian eta choutiça Portugalen, besteak beste.

 

Bost mende atzera egin, eta XVI. mendean Poloniako gortearen eta nobleziaren mazurka dantzan aritzea izango da hurrengo erronka, azaroaren 13an. Abenduko zubia eta gero, abenduaren 11ko saioan hain zuzen, erritmo bizian mugituko dira dantzazaleak, Frantziako XVI. mendeko bourrée dantza energikoarekin. 

 

Sarrera librea

Izena emateko beharrik gabe eta dohainik, hilean behin izango dira saioak, ostiral arratsaldetan, urriaren 9an hasita. Nahi beste saiotan parte hartu daiteke.

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

Argazkia: Caroline Bayet

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago