Oraina eta geroaren arteko mugan dantzan, Mugako jaialdi berria iritsi da Gasteizera. Abangoardia, esperimentazioa, sormena, elektronika, technoa eta eskaintza ludikoa abiapuntu, Euskal Herria, Espainia, Suedia, Txile eta Alemania bezalako tokietako hogei sortzaile baino gehiagok eskainiko dituzte euren lanik berrienak urriaren 9an eta 10ean (ostirala eta larunbata), hiriko hiru agertokitan.
Egunean zehar, Artium eta Hor Dago! tabernan ospatuko da jaialdia. Arte garaikidearen museoari dagokionez, hamabost emanaldi etashowcase (formatu laburreko erakustaldiak) eskainiko dituzte ostiral eta larunbatean, arratsaldean hasita eta gauerdian sartu arte; horrez gain, ekintza didaktikoak egongo dira bertan: larunbatean, sintesi teknikak ikasteko tailerra; eta igandean, umeentzat dj, disco play eta rock star makillaje saioa. Alde zaharreko Falerina lorategian, aldiz, bi izen arituko dira larunbat eguerdia girotzen, 12:00etatik 15:00etara.
Gauez, General Alava kaleko Kubik aretoan piztuko da sukar elektronikoa. Guztira, sei musikari arituko dira ostiral eta larunbatean eguna argitu arte. Asteburu osorako sarrera 55 euroan eskuratu daiteke; ostiralekoa, 25 euroan; eta igandekoa, 35 euroan.
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA
Argazkia: Alberto Montes Barajas