Tranbiaren ordez, autobus azkarrak Salburua lotzeko

hirinet 2015ko urr. 8a, 02:00

Tranbia ez da oraingoz Salburura iritsiko. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak hitz eman zuenaren kontra, kolokan geratu da gaur-gaurkoz metro arina auzo berrira eramateko asmoa. Horren ordez, "bus rapid transit" (BRT) sistema ezarrriko du Eusko Jaurlaritzak.

Hala jakinarazi zion Iñigo Urkullu lehendakariak Gorka Urtaran alkateari, asteartean Lehendakaritzan egin zuten bileran. Adierazitakoaren arabera, tranbia Angulema kaleko geltokitik campuseraino luzatuko dute. Unibertsitatetik gertu, eta gaur egungo "intermodal" izeneko geltokitik urrun, gune intermodala sortzeko asmoa dute Trianas zubiaren inguruan, Espainiako gobernuaren esku dagoen abiadura handiko trenaren Gasteizko proiektua gauzatzen baldin bada.

Aurreikuspen horiekin, datozen asteetan sinatuko dute tranbia Unibertsitateraino eramateko akordioa Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Datorren urtean ekin nahi diete hasierako lanei, 2019 urterako bukatzeko helburuarekin. Ordurako iragarri du Espainiak AHT-aren etorrera Gasteizera, eta orduan izango dira ere hurrengo udal-hauteskundeak.

 

"Baloratu beharrekoa"

Tranbia Salburura eramatea eta Zabalganara luzatzeko aukera aztertzea guztiz baztertu denik baieztatu gabe, alkateak BRT sistemak epe laburrean ekar litzakeen onurak nabarmendu ditu aste honetan komunikabideetan: "Bide propioa duen autobus elektrikoa da BRT, errailik eta katerik gabekoa; inbertsio ekonomikoa askoz txikiagoa da eta erantzun azkarragoa emango die Salburua eta Zabalgana auzoetako beharrei. Baloratu beharrekoa da".

 

BRT, bi fasetan

Duela 40 bat urte Hego Amerikan autobus azkarrak ezartzen hasi zirenetik, Europako hiri askotan ezarri dute "bus rapid transit" sistema. Eusko Jaurlaritzak Gasteizerako dituen planen arabera, lehenengo fasean hiria inguratuko du BRT lineak, eta bigarrenean, Salburua eta Zabalgana lotuko ditu. Datorren urtean bertan hasi nahi dute linea periferikoa diseinatzen. Aurrekontuaren %66a Lakuak ordainduko du, eta gainerakoa Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak erdibana (%17,5 bakoitzak).

 

Iragarpenak laster piztu ditu erreakzioak auzoetan. Salburua Burdinbide elkarteak adierazi duenez, "Udal gobernu berriaren lehenengo ehun egunen ondoren iritsi da lehenengo desengainua". Zabalgana Batuz elkarteak, bere aldetik, adierazi du tranbiaren ordez BRT sistema abiatzeko proiektua "alkateak berak iraileko elkarrizketa batean agindutakoarekin talka" egiten duela, metro arina Zabalganaraino luzatzeko aukerak aztertuko zituela esan baitzuen duela hilabete bat.

 

Oposizioaren erantzuna

Oposiziotik, Javier Maroto PP-ko bozeramaileak gogor salatu du tranbiaren luzapen horri uko egitea: "Urkulluk mezu argia adierazi dio Urtarani: Eusko Jaurlaritza txalotzeko zaude alkatetzan, ez Gasteizen alde gauzak eskatzeko". EH Bildutik, aldiz, BRT sistemaren alde onak azpimarratu ditu Miren Larrionek: "Sistematikoki aplikatzen diren soluzioetatik harago joan behar gara, Europara begiratu eta berrikuntzaren alde egin; eraginkortasun aldetik, ekonomikoki, malgutasunari dagokionez eta hiriaren fisionomiari egiten dion kalte txikiagoagatik, tranbiaren alternatiba naturala da BRT". Horrez gain, etorkizunean EH Bilduren Araba Tran egitasmoa abiatzea eskatu du Larrionek, Agurain, Salburua, Gasteiz, Zabalgana, Jundiz eta Iruña Oka gaur egungo trenbidea baliatuz lotzeko.  

 

Gasteizko sozialistek, aldiz, "BRT sistema tranbia ez ezartzeko aitzakia ez izatea" espero dute, Peio Lopez de Munainek adierazitakoaren arabera. Epe luzean suge berdea noraino iritsiko den ezbaian, epe laburrean Unibertsitatera tranbia linea eta Salburua eta Zabalganako BRT autobusak daude oraingoz Eusko Jaurlaritzaren mahai-gainean.

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide