Hirugarren ikasturteari ekingo dio Hirinet FM irratsaioak datorren asteartean, hilak 6. Boluntarioek osatzen dute lantaldea eta astero ahots ezberdinak entzuteko parada izango da. Halaber, pil-pileko elkarrizketak lantzeaz gain, Gasteiztarrak Munduan, Mundutarrak Gasteizen, ALEA lau haizetara edota Hilabetero bezalako atalak izango dira entzungai. Ikasturtean zehar atal berriak ere estreinatuko dira, besteak beste, irrati nobela bat. Astero-astero, Gasteizko Euskararen Agendak eta musikak berezko tartetxoa izango dute programan. ALEA aldizkariko eta Hirineteko kolaboratzaileek beren iritzia ere plazaratuko dute uhinetan.
Betiko lez, irratsaioa zuzenean entzuteko aukerarik ez daukaten lagunek, Hirinet atarian izango dute osorik asteazkenetik aurrera. Hirinet FM-ko lantaldea guztiz irekia da; hori dela eta, edonork har dezake parte. Irratsaioan kolaboratu nahi izanez gero, gairen bat proposatu, lagun bati abesti bat eskaini edota zoriondu nahiko balu irratia@hirinet.net helbidera idatzi dezake.