Eguerdiko 12.00etan Etxerat-ek antolatutako Zapi katea abiatuko da Ajuria Eneatik eta 12.30etan amaituko da Legebiltzarraren aurrean. Kate honekin, dispertsio politikaren behin betiko amaiera eskatatu nahi dute. "Politika honen errealitatea jarri nahi dugu agerian, gizarte osoari, salbuespenik gabe, eragiten dion politika eskubide urratzaile bat den bezala", adierazi du Etxeratek. Hartara, giza kateak eratuko dituzte Euskal Herriko hiru hiriburu ezberdinetan, Dispertsioa STOP lelo duten zapiekin.
Saharar herriaren eskubideen alde
SEADen lagunen elkarteak, bere aldetik, elkarretaratzea deitu du saharar herriaren eskubideen defentsa aldarrikatzeko.Arratsaldeko 19.00etan izango da Andre Mari Zuriaren plazan eta bertan giza eskubideen gaietan NATOren segurtasun kontseiluak Mendebaldeko Saharan duen "pasibotasuna eta konplizitatearen aurka" egingo da. Horrez gain, Marokok okupatutako lurraldeetan giza eskubideak behatzen dituen Minursoa (Mendebaldeko Saharan erreferendumenerako Nazio Batuen misioa) eskatuko dute.
“Errusiar erruleta” iragarkia Amnistia Internazioanalarekin
Gasteizko Udalak ere hainbat ekimen antolatu ditu Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ekimen hauen aurkezpenean azaldu du “aniztasunarekiko bizikidetza, gizakien mugikortasuna eta giza eskubideen betetze-maila eta horiekiko errespetua (oraindik bete gabea) nabarmentzeko" antolatu dituztela; "izan ere horiek guztiek udal taldeak hiriko bizikidetzaren alde duen uste irmoari erantzuten diote, eta, horretarako, ezinbestekoa da bizilagunen aniztasuna onartu, aitortu eta positiboki baloratzea. Bizikidetza guztioi, inolako bereizketarik gabe, dagokigun prozesu gisa ulertzen dugu. Gure ustez, bizikidetza guztien artean eraiki beharreko prozesua da, eraikuntza kolektiboa, benetakoa eta objektiboa; utopia edo desberdintzat jotzen dugunaren aldeko mesede izatetik urruti dagoen prozesua. Are gutxiago kanpora begira egiten den pose formala baina benetako harremanak sendotzen diren guneetan barneratzen ez dena”.
Besetak bestek, atzo arratsaldean Pello Varela zuzendari eta gidoilariak egindako “Errusiar erruleta” iragarkia aurkeztu zuten. Iragarkia Gasteizko Udalak babestu du eta Amnistia Internazionalaren bermea du. Iragarkia aurkeztu aurretik hitzaldia eta mahai-ingurua izan ziren, eta Varela eta Euskadiko Amnistia Internazionaleko bozeramaile Jesus Alvarezekin.
Programazioaren baitan, udalak ez du alde batera utzi nahi izan munduan errefuxiatuek bizi duten egoera latza eta, hori dela eta, Migratzaileen Nazioarteko Egunaren baitan, esparru humanitarioan lan egiten duten gizarte erakundeekin mahai-ingurua antolatu du, errefuxiatuen egoera bertatik bertara ezagutzerik izan dadin. “Behartutako migrazio-mugimenduen arrazoiak eta ondorioak laburtuko ditugu. Ekimen honekin beraien etxea uztera behartuta dauden pertsona horien egoera ikusarazi eta salatu nahi dugu” adierazi du alkateak. Ekimen honetan nazioarteko arlo humanitarioan lan egiten duten erakundeek ere lagundu dute, esaterako Save the Children eta Gurutze Gorriak. Abenduaren 17an izango da, 19:00etan, Montehermoso kulturunean. Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak hiriko migrazio-esperientziak ezagutarazteko kanpaina bat ere aurkeztuko du garai beretsuan.