Toñi Villen, Aitzina taldeko kidea: "Folk hutsunea betetzea eta gaixoekin elkartasuna bilatzen ditu Aitzina jaialdiak"

hirinet 2015ko urr. 1a, 02:00

Asteburu honetan hasi eta urtarrilera arte, Aitzina Folk jaialdia ospatuko da Gasteizen; Oskorri taldea kartel buru, ataxia-telangiectasia duten gaixoen alde dirua bilduko dute antolatzaileek.

Aitzina Folk jaialdiak folk musika eta elkartasuna uztartzen dituen jaialdia dugu. Zer dela eta?

Bi arlo desberdin lotu ditugu. Batetik, elkartasuna, ataxia-telangiectasia gaixotasun arraroa duten  umeak laguntzeko sortu zen jaialdia da-eta. Izan ere, Aitzina taldea kaltetuen gurasook, senitartekook zein lagunok 2010 urtean sortu genuen. Urte horretan estatu mailan gaixotasun hau pairatzen duten zortzi pertsona besterik ez zeuden, Euskadin kasu bakarra izanik, nire ilobarena, hain zuzen ere, eta gure helburua ataxia-telangiectasiaren gaixoen arazoak ezagutaraztea eta aldi berean gaixotasun horren alde dirua biltzea da. Bestetik, Folk jaialdia da, uste dugulako musika mota honek Gasteizen bere tartea merezi duela eta gainera, Aitzina taldeko kideek folk musikarekin harreman estua dugulako. Izan ere, Patxi, nire neba eta kaltetuaren aita, Parradust folk taldeko kidea da. AT-k ez du tratamendurik, eta horren inguruko ikerketa bultzatu nahi dugunez, hasieran plastikozko tapoien birziklatze solidario bati ekin genion eta jarraian Aitzina Folk jaialdia sortu genuen, bildutako diru-kopurua ataxia-telangiectasiaren ikerketa proiektua finantzatzeko.

 

Zer motatako gaixotasuna da?

AT-a gaixotasun “arraro” edo ezohikotzat hartzen da, ataxia sintoma nagusia izanik. Neuro-endekapenezko gaixotasun genetikoa da, ibiltzeko eta hitz egiteko zailtasun progresiboa adierazten duena. Horrez gain, lehen mailako immunoeskasia (arnasbideetako infekzio ugari), linfoma, leuzemiaren eta neoplasiaren nolabaiteko aurretiko joera eta erradiazio ionizatzailearen aurrean ohikoa ez diren sentimenak eragiten ditu. Mota honetako patologia oso ezezaguna da gizarte zein medikuntza arloan, eta horrek ikerkuntza eta tratamendu egokiak izugarri oztopatzen ditu.

 

Euskadin kasu bakarra da zure ilobarena, ezta?

Bai, Euskadi mailan Jon da gaixotasun hau pairatzen duen pertsona bakarra. Izan ere, prebalentzia txikiko gaixotasuna da: 200.000 laguneko gaixo bakarra dago. Aitzina lan taldea martxan jarri genuenean, Espainia mailako AEFAT elkartean zortzi familia besterik ez ginen.

 

Gasteizen folk musika zabaltzeko  ekimen inportantea bilakatu da Aitzina Folk…

Musika mota desberdinetako jaialdiak, zikloak, asteak, kontzertuak, jam session eta abar dauzkagu eta aniztasun ederraz gozatzen dugu, baina folk-zaleek biolin, herriko musika tresna, herri musikaren erritmo, doinu eta ohiz kanpoko musika tresnen hutsunea igartzen dugu. Hortaz, folk musika ekimenen inguruan zegoen hutsune horri aurre egiteko eta gure proiektu zehatzekiko Gasteizko gizartearen solidaritatea bultzatzeko ekintza kultural erakargarri bat eskaini nahi izan dugu.

 

Aurten gainera, kartel potentea dakar jaialdiak, Oskorriren kontzertua barne…

Bai, Oskorri ekartzeak garrantzizko kartela eragin du. Oskorriren agurra eskainiko dugu, baina batez ere musika eta kulturaren arloko 45 urte hauetako lan eta ekarpenaren ospakizuna izango da, une paregabea Oskorriri eskerrak emateko. Bestalde, Oskorri ekartzeko aukera oso mugatua zen, pentsatzen genuen ez zela gauzatuko, baina pasa den Jaialdiaren edizioan Oskorriren biolin-joleak, Xabier Zeberiok, parte hartu zuen, gogoratzen baduzue, Ana Alcaide eta Mikel Urdangarinekin Katedral Zaharrean. Xabier izan da gure ordezkaria taldearen aurrean, eta azkenean baietza eman ziguten.

 

Sarrerak geratzen al dira oraindik?

Bai, oraindik bai, eta internet bidez eros daitezke. Bi mila sarrera baino gehiago saldu ditugu, bi aste falta dira kontzerturako, eta egun horretan bertan leihatilan ere posible izango da erostea, dena salduta ez badago, noski.

 

Horrez gain, zer eskainiko du aurtengo kartelak?

Aurten, eta Oskorriren eskaerari erantzunez, jaialdia aurreratu dugu. Orain arte Gabonetan garatu izan dugu baina III. edizioa datorren larunbatean, urriaren 3an, hasiko da. Alde Zaharrean gaita-jotzaileen kalejira izango dugu. Urriaren 10ean Oihaneder Euskaaren etxean BITARTEAN Folk Taldea izango dugu, dohainik gonbidapenarekin. Hurrengo egunean, 11an Hor Dago! Jardín de Falerina lorategian TARNA, Leongo bikote interesgarriak joko du. Esan bezala, urriaren 17an, Oskorriren txanda izango da, Mendizorrotza Polikiroldegian. Urriaren 18an jarraituko dugu FETEN-FETEN kontzertu didaktikoarekin eta TxikiFolk, ikuskizuna etxeko txikientzat. Goizean izango da Artium-en eta arratsaldean berriro joko dute publiko guztientzat. Eta Urriaren programa bukatuko da egun horretan, 18an, Artiumen ere ALOS QUARTET eta Aukeran dantza Konpainiaren emanaldiekin. Azken hauek Artium museoan izango dira. Ondoren, etenaldia egongo da urtarrilera bitartean; orduan, IRISH SESSION, CALUM & HEIKKI Quartet eta XABI ABURRUZAGA BAND izango ditugu Principal Antzokian.

 

Egilea: Saioa Fernandez de Aranguiz. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago