J. Aguinagalde, I. Zengotitabengoa eta U. Saez de Ocariz, #Ahzeberria proiektua: "Hiriaren erabileraz gogoeta piztu nahi dugu Gasteizen"

hirinet 2015ko urr. 5a, 02:00

Zertarako erabitzen ditugu Gasteizko kaleak eta plazak? Beste zerbaitetarako baliatu genitzakeen? Nola antolatu daitezke hiriko espazio publikoak?

Galdera horiek eragin nahi dituzte gasteiztarron artean Julen Aguinagalde, Iñaki Zengotitabengoa eta Unai Saez de Ocariz arkitekto gazteek, Udalaren Gazteria sailaren Haziak programaren bidez asteburu honetan abiatuko duten #AhZeBerria! egitasmoarekin.

 

"Hiriko hirigintzaren deribak" kezkatzen zaituzte. Zergatik?

Unai Saez de Ocariz:Alde batetik, argi dago azken urteetan garatu diren auzoak ez direla eraginkorrak izan hirigintzaren aldetik. Asko zabaldu da Gasteiz eta lur gehiegi kontsumitu da. Erabakiak hartzeko moduak ere kezkatzen gaitu.

 

Parte hartze gutxi dagoelako?

Unai: Ez da kontuan izan.

 

Iñaki Zengotitabengoa:Gure proiektuaren helburua, hala ere, ez da hainbeste parte-hartze prozesuak nolakoak izan beharko liratekeen zehaztea, baizik eta, batez ere, gasteiztarron artean erabilerari buruzko gogoeta piztea. Hiria hiritarrona dela barneratu behar dugu.

Julen Aguinagalde: Espazioei buruz pentsatu behar dugu: zergatik dira horrelakoak eta ez beste modu batekoak?

 

 

Eta zer egin dezakete hiritarrek hiria eurena egiteko?

Iñaki: Erantzuna ez da erraza. Arkitekto moduan, fakultatean beti esan izan digute espazio publiko bakoitza zer erabilerarako diseinatu behar dugun, eta hor hipokresia puntu bat dago. Izan ere, hiriak diseinatzeko orduan,  jendeak espazio zehatz horietan zer egingo duen pentsatuz diseinatzen ditugu (banku batzuk aurreikusten ditugu jendea esertzeko, plaza bat egiten dugu hiritarrak bertan egoteko...), baina gero inork ez du arkitektoak aurreikusitakoa egiten. Adibidez, 'Begirada' eskulturan [El coño], jatorriz funtzio bat zeukan, baina hiritarrok beste bat eman diogu. Horren inguruan hausnartzera animatu nahi ditugu gasteiztarrak. Gure proiektuan, beraz, arkitektoekiko autokritika ere badago. Ezin da aurrez programatu kalean jendeak egingo duena. Agian pentsatzeko modua aldatu behar dugu, eta kalean nahi dugun edozer gauza egin dezakegula pentsatzen hasi.

 

Alegia, kaleen erabilera ez dezatela hainbeste planoek erabaki?

Unai: Alde batetik, hiria diseinatzerakoan arkitektook erabilera zehatz bat egokitu diegu espazioei, eta, bestetik, ordenantza ezberdinen bidez ere hiriaren espazioen erabilera burokratizatu egin da. Horrenbestez, hiritarrok gure kaleak nola erabili ditzakegun ahaztu dugu. Duela zenbait urte arte arruntak ziren kalearen zenbait erabilera gaur egun ez dira ematen.

 

Zeintzuk, adibidez?

Julen: Adibidez, kalera norbera bere eserlekuarekin irtetzea eta bertan gertatzen ari dena begiratzen denbora ematea.

Iñaki: Umeen kasua ere adierazgarria da. Gure belaunaldia jaio aurretik, haurrek kaleko edozein tokitan jolasten zuten. Gaur egun, ez.

 

Iruditzen zaizue oso sailkatuak daudela tokiak eta erabilerak?

Unai: Elkartzeko tokia izatetik, komertziorako tokia eta leku batetik bestera iristeko lekua izatera pasa da kalea. Bankuak gero eta gutxiago erabiltzen dira, adibidez, eta zuhaitzak dekoratu gisa baino ez dauzkagu.

 

Zergatik aukeratu duzue aluminio papera zuen lanerako?

Julen: Hainbat arrazoigatik erabili dugu material islatzailea. Batetik, gure nahia ez delako jendeak objektuari buruz gogoeta egitea, baizik eta bolumen horretan islatzen den espazioaren inguruan pentsaraztea. Bestetik, sukaldean guztiok izan ohi dugun materiala da aluminio papera eta, hortaz, edozeinek espazioa modu sortzailean erabili dezakeela adierazi nahi izan dugu.

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago