Arabako bost gaztek Poliziaren jazarpena salatu dute

hirinet 2015eko abenduaren 9a

Herri mugimenduetako bost kidek, Eleak Mugimenduak babestuta, Polizia Nazionala eta Ertzaintzarengandik jasandako “etengabeko” jazarpena salatu dute gaur goizean egindako agerraldian. Horretarako, jazarpen dossier bat aurkeztu dute azken hilabeteetan jasan dutena salatzeko. Azaldu duten moduan, askoz gehiago dira, baina, publikoki salatzeak ekarri litzakeen ondorioei beldur direlako, aurpegia ez ematea erabaki dute.

 

Salatutako kasuak denetarikoak dira,  baimenik gabe argazkiak ateratzetik eta segurtasun indarrekin kolaboratzearen truke soldata bat eskaintzeraino. Dena den, guztiei galdetu zieten gazte mugimenduen inguruan, eta haietako biri zehazki martxoaren 3ko gertakariei buruz. Kasu gehienetan jazartzaileek euren buruak identifikatzeari uko egin zietela ere salatu dute gazteek.

Eleak Mugimenduak adierazi bezala, “gazte hauekiko gure elkartasuna eta beraiek babesteko erabakia adierazi nahi ditugu, eta gazteria horrelako egoerak salatu eta argitara ateratzera animatzen dugu”. Horretarako, posta elektroniko bat eman dute:  mugimenduasortzen@gmail.com

 

Ikasle Abertzaleak, Ernai, Bilgune Feminista, Martxoak 3, ELA, LAB, ESK, Comunidades Cristianas populares de Euskal Herria, Gasteizkoak Talde Antimilitarista, Askapena, Salhaketa, Gasteizko Gaztetxea, AEK, EHE, Elkartzen eta 7. Araba taldeek babesa adierazi diote agerraldiari.

 

Hala Bideok egindako bideoa:

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago