Gorka Blanco, EMUNeko aholkularia: “Normalizazioa ez da hezkuntzan bukatzen”

hirinet 2015ko urr. 6a, 02:00

Arabako hainbat enpresetako euskara planak kudeatzen ditu gaur egun Gorka Blanco barrundiarrak. Haren hitzetan, "euskara balio erantsi bat da".

 

Euskara eta lan mundua. Batzuei zientzia fikzioa irudituko zaie.

Seguru batzuei zientzia-fikzioa irudituko zaiela, baina prozesu logiko baten parte bat da: inbertsio handiak egiten ditugu gazteak eta haurrak  euskalduntzeko, baina gero, lan mundura saltoa ematen dutenean, euskararen ateak itxi eta zuzenean erdal mundu batera sartzen dira. Euskalduntze prozesuan, lan mundua estrategikoa da.

 

Zer eginkizun du lan munduak euskararen egoera normalizatzeko?

Normalizazioa, niretzat behintzat, gaur egun Gasteizen  gazteleraz egiten ditugun gauzak euskaraz ere egin ahal izatea da. Pentsa zenbat ordu pasatzen ditugun lanean eta zer garrantzia hartzen duen gure bizitzetan. Horregatik, euskara normalizatu behar da esparru horretan.

 

Araban ba al dira lantokian euskara normalizatzeko lanean ari diren enpresak?

Ez dira guk nahi genukeen bezainbeste, baina gero eta gehiago dira gurdi honetara igo direnak.

 

Zergatik erabakitzen dute enpresek urrats hori ematea?

Enpresak gero eta gehiago dira kontziente, hondakinak, bezeroak edo hornitzaileak kudeatzen dituzten bezala, hizkuntzak ere kudeatu behar dituztela, zer esanik ez hizkuntza minorizatu bat daukagunean. Bestalde, euskarak balio erantsia ematen dio enpresari: enpresa moderno baten irudia, hezkuntzak ere kudeatzen dituen enpresa batena. Zerbitzu enpresatan, adibidez, zerbitzu hori hizkuntza batean baino gehiagotan eskaintzeko gaitasuna dutenek balio erantsia dute.

 

Zer neurri zehatz hartu ohi dituzte?

Diagnostikoaren araberakoak izaten dira neurriak, lau esparrutan: ezagutza handitzea, erabilera areagotzea (dokumentazioan, hizkuntza paisaian eta abarretan), langileen motibazioa lantzea eta, guzti horri txapela jartzeko, erakundetzea edo instituzionalizatzea: hau da, hizkuntzen kudeaketa hori ez egitea enpresaren kudeaketatik aparte, baizik eta, enpresak plan estrategiko bat baldin badu, euskarak ere horretan lekua izatea.

 

Non dituzte enpresek zailtasun gehien?

Ez dut uste oztopo handirik egoten denik, baina bada gain-lantxo bat, esan dezagun. Ez da gauza bera dokumentu bat idaztea hizkuntza batean edo bitan. Ahalegin handiagoa eskatzen du. Zailtasunak, edonola ere, lortzen diren etekinekin alderatu behar dira, eta balantza horretan etekinak irabazten du.

 

Erresistentziak egoten dira? Langileen, bezeroen edo enpresaburuen aldetik...

Oraindik gauza nahiko berria da enpresetan euskara plan bat abiatzea eta, beraz, planaren diseinua egiten denean, egon daitezke aurreiritziak, baina normalean ona izaten da harrera. Langileei inkesta bat pasatzen zaie eta enpresa gehienetan langileen %60tik gora ados egoten dira euskara plana ezartzearekin. Egon daitezke euskararen kontrako jarrerak, gastu bat dela esaten dutenak... baina gutxiengo bat izaten dira. Plana martxa hartzen hasten denean, mamuak uxatzen dira.

 

Zelan erakarri enpresak bide honetara?

Inportanteena da bisualizatzea hortik etekin bat etorriko zaiela: ez bakarrik ekonomikoa –baita ere–; askotan, balio izaten du barne kohesioa lantzeko, adibidez. Bestalde, bezeroei zerbitzua edo produktua hizkuntza batean baino gehiagotan eman ahal izatetik ere badator etekina. Gero, gizartean integrazioa kontuan hartu  behar da ere: enpresak ez daude bakarrik barrura begira, etekin ekonomikora begira; gizarte batean txertatuta daude, eta gizarteak ematen diona gizarteari itzultzeko modu bat da.

 

Zeintzuk dira orain erronka nagusiak?

Lehenengoa da kontzientzia hartzea: normalizazioa ez dela hezkuntzan bukatzen, aukera hori bermatu behar diegula datozen belaunaldiei. Horretarako trebatzen ari gara, horretarako batzuk ingeniaritza edo goi ikasketak euskaraz egiten dituzte: gero, lan munduan euskaraz aritu ahal izateko. Hori, batetik. Eta, bestetik, lehen esandakoa: euskarak enpresari ematen dion balio erantsia ikustarazi behar dugu.

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

Albiste honi lotutako albiste gehiago:

[EEREPORTAJEA] ‘Fabricatik’ lantegira

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago