Mintzalagunek “zurekin” hitz egin nahi dute

hirinet 2015ko urr. 1a, 02:00

Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko.

 

Modu honetan, hizketarako jarioa lantzeaz gain, euskaraz mintzatzeko motibazioa handitu eta harreman sare euskaldunak ehuntzen dira. Hala, ikasturte amaierako inkesten arabera, astean ordubetez arituta, mintzalagunek hizkuntza gaitasunak hobetzen dituztela aitortzen dute. Aurtengo izen emate kanpainaren helburua euskarari ekarpena egiteko kontzientzia duten hiztun onak mintzalagun egitasmoetara erakartzea da, euskara praktikatu behar dutenei laguntzeko.

 

Izena emateko fitxak euskaltegietan, Hizkuntza Eskolan, gizarte etxeetan eta GEU elkarteko bulegoan egongo dira eskuragarri. Era berean, Internet bidez matrikulatzeko aukera dago www.gasteizkomintzalaguna.com atarian. Urteko kuota 15 eurokoa da eta izena emateko epea  urriaren 21ean amaituko da.

Mintzalagun taldeak gutxienez astean behin ordubetez elkartzen dira. Talde bakoitzean mintzalagunak eta mintzalaguntzaileak daude. Lehenengoek  euren euskara maila hobetu nahi dute; bigarrenek, aldiz,  euskaraz hitz egiteko erraztasuna dute. Programaren helburua euskara aisialdian eta lagun artean erabiltzea da eta ez dira, beraz, euskara klaseak. 

 

Mintzalagun Taberna

Mintzalagunek non elkartu erabakitzeko askatasun osoa badute ere, talde gehienak tabernetan elkartzen dira, horregatik erreferente izan daitezkeen taberna euskaldunak  bildu dira ‘Mintzalagun Taberna’ egitasmoaren barruan. Finean, helburua mintzalagunek euskara praktikatzeko leku atsegin eta euskalduna topatzea da.

 

Informazio gehiago: 945222153 /www.gasteizkomintzalaguna.com

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide